37 Pakitoren puruak

Pakitoren puruak

Elizondon ezagun eta lagun ainitz izan ditut bainan familia batek txikitik ene adiskidetasunaren sari berezia irabazi izan du: Eskisaroikoak. Arkupeen ondoko beheko kalean dagoen ohiko jatetxea da, tipikoa, betikoa, herrikoa, eta haren jabeak bere parekoak. Aitak Pakito zuen izena eta oraino bizi den amak Juanita. Betitik nere lagunak izan diren seme-alabak, Inaxio eta Maite eta gazteenak, Pello zena eta Txomin.

Maiteren senar bizkaitarra Enrique deitzen zen. Gaixoak ere berriki utzi gintuen. Biziak bere gorabeherak dituela eta, orain hogoi urte edo, Enriqueri bere ama hil zitzaion eta Nafarroan eta Bizkaian ohi den bezala, ehorzketak biharamun berean izan ziren kostaldeko Mundaka sorterrian. Nik hara joateko beharra sentitzen nuen, Maite eta Enrikeren adiskidea nintzelako; eta bakarrik abiatzeko gogorik ez nuelako, familikoei ea ni eremateko leku batbazuten galdegin nien. Hala izanez, baiezkoa eman zidaten eta haien berebileko atzeko aldean sartu nintzen, Inaxio gidari, Juanita, Pakito, Txomin eta bostak. Bere ohitura maitagarrienari uko ez ziezaion egin, Pakito bidai guzian solasean aritu zen, bere oroitzapenak kontatzen, hala nola ihiziko eskopeta eta zizpak Eibarren erosten zituela, Elgoibarren lagun kontrabandista bat bazuela, Zarautzeko adiskide hura goizegi hil zela eta hala herri bakoitzari bere ixtorioa. Eibarretik iragan ginenean malda haren beherean, jatetxe famatu bat bazela esan zigun eta itzultzekorakoan hantxe afaltzera gelditu behar genuela ere.

Emeki-emeki Gipuzkoa utzi eta Bizkaian sartu ginen. Kontrabandoan luzaz aritutako gizona, nahiz eta abentura gutxi herrialde honetan bizi, ez zen isiltzen, gure kotxe barneko giroari alaitasun berezi bat emanez. Eta Pakitok zioen:”Ez dakit zer urtekoVuelta ciclista hemendik pasa zenean Langarikak irabazi zuen etapa hura”, edo “mendi haren helmuga zeharkatu zutenean Jimenez izan zen garaile” eta hala orduak inor aspertu gabe. Txirrindularitza pasione izan zuen eta etxe hartan oraino hala da, bere heriotzatik hamar bat urtera, bere idoloen argazki eta fitxa guziak tabernako paretan zintzilik baitaude, bai Loroñorena, bai Indurainena, bai Marino Lejarretarena, denak argazkietan azaltzen ziren txirrindulariek Pakitori eskainiak eta bakoitza txirrindulari baten izenpetze pertsonalarekin. Zer harro zegoen bere ezagutzekin eta horrek nortasun berezi bat ematen zion, grazia eta irria isurtzen zitzaizkion neurrikoa.

Egun hartan, beraz, Mundakara iritsi ginenean itsas bazterreko eliza haren inguruan jende ugari zegoen eta denak isil-isilik barnera sartu ginen. Enrique eta Maitek nere keinua eskertu zidaten, batez ere, haraino joateagatik, bainan neretzat gauza ezin normalagoa iduritzen zitzaidan. Meza ondoan, ohiko solas tristeak gurutzatu genituen eta kanposantuko bidea hartu denok elkarrekin. Arratsaldeko zazpiak ziren eta zeremonia guztiak bukatu zirenean hurbilekoek baso bat edatera konbidatu gintuzten. Ordu baten buruan berriro kotxera sartu ginen itzultzeko asmoz.

Pakitori Eibarreko jatetxearena ez zitzaion ahantzi eta motorra martxan ezarri ezkero hango menuaz hitz egiten hasi zitzaigun, behin ez dakit norekin egon zela eta xarmanki jan zutela, beste batean ere bere bidai bereziak egiten zituela eta, berriz ere hor gelditu zirela bazkaltzera. Ni, lekuko hartzen ninduen

Ikusiko Xabier nola jaten den! --eta berriro gai beraz mintzo zelarik Gipuzkoan sartu ginen, Eibarren hain zuzen, eta beheko plaza aldera gindoazenean kotxea nonbait aparkatzeko agindua eman zigun. Laster jatetxearen parera iritsi ginenean, aspalditik itxita zegoela konturatu ginen, urteak, eta irri maltzur xamarren artean beste baten bila joan ginen. Zer pena Pakitorena bainan urteak ez baitira debaldetan iragaiten.... Nahiko hurbil jatetxe dexente bat aurkitu genuen eta hantxe sartu.

Bakoitzak berea eskatu zuen. Pakitok bixigua. Une baten buruan janaria ekarri ziguten. Poztekoa zen Pakito ikustea bere arraina jaten, besteei begi keinuak egiten, plateraren kalitateaz komentarioak egiten, batez ere esku tartean zeukan ogiaz, baratxurien saltsan gozoki murgiltzen zuen ogi zatia, olio dirdiratsu hartan behatz puntak sendoki zopatzera bortxatzen zuena.

Ez dakit bixigua berdin zitzaion ala ez, bainan behin baino gehiagotan baratxurizko oliokada hura baino zaporetsuagoa ez zela zioen, munduan zegoen busti hoberena, berak arrainari baino atsegin gehiago ateratzen ziona. Gu irriz ginauden, semeak aita maitagarria begiratzen den hunkiduraz, emaztea hainbeste urteren ondotik oraino maitasunak erakartzen duen eztitasunaz, ni, familiatik aparte nintzen bakarra, adiskidetasunak erakartzen duen gozotasunaz.

Afariaren ondotik kafe bana eskatu genuen, batzuek kopa bat. Pakitok eta biok puru bat eskatu genuenean hauxe esan zidan: « Xabier, zigarro-puruak atsegin dituzula ikusten diat, begira ezak, gure jatetxera etortzen haizenean, beldurrik gabe batto eska iezadak, hainbeste badiat, gehienak oparitutak edo ezkontzetatik ekarriak, etxeko goiko pisuan zimurrikatzen ari zaizkidanak, pozik emango dizkiat » - eta emaztea eta semeak lekuko, jarraitzen duela « Begira ni hilko naizenean, gure etxeko afalondotan, puru berezi bat eska hezake, nere puru horietarik, eta emanen zaik. Ez da hala Juanita? Eta zuek, -bere semeei- badakizue, hemendik aitzinat Xabierrek puru bat eskatzen duenean nere horietarik eman behar diozuela, eta hauxe bere aldera daukadan nere azken nahiaren zati bat izango da.»

Pakitok esandakoa denek baieztatu zuten, nik, denek ongi aditu zutenez, esandakoari erreparatu nion, Juanita, aldiz, isilik, bere irri lasaietan itorik.

Pakitok denen afaria ordaindu zuen eta Baztaneraino bere abenturak kontatzen jarraitu zuen, berak ezagutzen zuen jatetxe hura noiztik itxita zegoen bere buruari galdeginez. Elizondoko Eskisaroi ostatuaren aurrera iritsi ginenean berriro zigarro-puruena errepikatu zigun.

Pakito gaixoa hil zen. Ondotik, Eskisaroira joaten naizen aldiro Pakitoren puru bat ekartzen didate. Hamabost bat urte iragan dira eta noizean behin oraino, afaltzera noanean, Pakitoren puru-txokorra eskatzen dut. Ez dakit bukatu diren, hondatu diren edo gehiegi zahartu diren bainan azken bolada honetan aldiro puru berri bat urririk ematen didate, ordaintzeko kontuan inoiz agertzen ez baita. Hauxe da testamendu baten azken nahiak betetzea. Esker mila lagunak!

Ixtorio horren grina sartzeagatik edo, behin Albert Mourguiart Donibane Lohizuneko tabako saltzailearekin solasean nengoela eta, ixtorio berezi hori kontatu nion, bera ere puru erretzaile amorratua izanez. Kontua da urtero, herriko bestetako Begiraleak taldeak egiten duen bazkalondoan bere saltokira sartzen naizela eta beti, jadanik ohitura izanez, halako zigarro-puru handi bat eskaintzen didala. Zenbat urte horixe egiten dugula ez dakit baina niri ez zait inoiz ahanzten txokor horren bila joatea.

Bere saltoki ezaguna saldu behar zuela eta, behin, erosle berriarekin dendan aurkitu nuen eta hari urte guziz San Juanetan, puru baten bila helduko nintzela eta ohidura hori atxiki behar zela luzatu zion. Nik, bera ados agertzerakoan, hurbileko karrikan dugun gure elkarteko bazkaritik hurbilduko nintzela altxorraren bila esan nion, bere baiezkoa berehala jasoz. Ordutik, Albert hil da eta erosle berriak ere haren azken hitzak betetzen ditu. Pakitorenarekin batean horiek bai testamendu ketsuak.