35 Ene lagunen insomnioak

Ene lagunen insomnioak

Xela aspaldiko laguna dut. 1980an Madriletik, bere sorterritik, Baztan aldera etorri zen bere doktoretzako tesia egitera: “Hemezortzigarren mendeko Baztango ekonomia”. Benetan gai bitxia madrildar batentzat, bainan jakin beharra daukagu Xela ez dela horren madrildarra. Arizkun abizena du eta bere arbaso guziak alde batetik Elizondoko Arizkunenea jauregitik heldu dira eta bestetik Erratzuko Zozaia palaziotik. Hemezortzigarren mendean beste hainbeste baztandar aberats bezala Madrileko bidea hartu zuten, hala nola ene egungo etxearen orduko jabeak, goienetxetarrak, Espainiko hiriburuan komertzioa egitera edo erregearen zerbitzuko egotera Madrilera joanak ere. Arizkun herriak hainbat lekukotasun ekar diezazkiguke horretan.

Bainan Arizkun herriaz ez gara ari eta bai Xela ene lagunaz eta bere ohitura bitxiaz, batez ere, gazte denboretatik gauean ateratzen zaizkionak, somnanbulua baita, hau da, lobizia. Gau ibiltaria bada, ez da bakarzalea eta konpainia beharrean sentitzen du maiz bere burua.

Behin, neska lagun berria zuela eta, gauez pixa egitera jaiki zenean, etxera gonbidatu zituen haren amaginarrebaren ohean ustekabean sartu zen, ustez eta bere ohera itzultzen ari zela. Milady, neska laguna gipuzkoarra zuen, berrogei urtekoa edo, eta Elizondoko bestetara gomitatu zuen, baita bere ama ere. Iritsi orduko gela erakutsi zioten eta hantxe hasi zen lasaiki lotan gau hori iritsi arte. Nik ez dakit Xelak egun hartan parranda egin zuenez bainan gauza da goizeko bostetan, danba lo zegoelarik, ohetik pixa egitera jaiki zela, bere neskalaguna bere ondoan utzirik. Etxe guzia estaltzen zuten zurrunkak behintzat isildu ziren, zutik dagoenean halakorik ez omen baitu egiten eta isil-isilik, korridoreko bidea hartu zuen komunean sartzeko. Hantxe bere beharrak egin eta itzulerako abiatzean, eskuineko gelako ohean sartu zen, berea zela ustez eta. Nola duda bat izan ere, bere ondoan neskalaguna omen baitzegoen. Baina egiazki, hantxe, eta batere esnatu gabe, amaginarreba zegoen zer gertatzen ari ote zitzaion pentsatzen. Adin horretan jendea aise iratzartzen delako, esan gabe doa denetaz ohartu zela eta Xela bere ohean sartu zenetik zer egin ez zekien. Ohea gelako erdian egon bailitz, oraino, baina paretaren aurka aski tinko zegoen eta handik ezin atera, diskretuki behintzat. Eta nola isilarazi berriz ere hain azkar hasi ziren zurrunkak? Lehenik bere suhigaia handik lekutu behar zuen, baina nola?

- Xela! ---zioen eztiki andere gaixoak, bainan ezer ez.

Berriro deika ari zitzaion bainan loa ezin sakonagoa zeukan lagunak gin toniken baporeak hauspo baten modura ateraz. Xelaren gainetik pasatzea deliberatu zuen, bere alabari gertatzen ari zena esateko. Ezker aldera itzulia emanez, hanka Xelaren gainetik ezarri eta ahal bezain arinki eta xirulika bat eginez, ohetik atera zen, bestearen loa batere eragotzi gabe.

Alabaren sorbalda jo zuenean egoera bitxia zela nabaritu zion. Lobizia zela jakin balu, amari aintzinetik zerbait luzatu izan ziokeen, baina elkarrekin denbora askirik ez zeramaten halako gauzarik jakiteko ere. Nik ez dakit nola bukatu zen ixtorioa, amak bere alabarekin lo egin zuenez, Xela iratzarri zutenez bere oherat itzul zedin, bainan amak jaso zuen ezustea animalekoa izan zen. Ene laguna aldiz ez zen ezertaz konturatu eta biharamunean kontatutakoak hainbeste harritu zuen berehala barkamenak amaginarrebari eskatu zizkiola. Ai, zer ixtorioa!!!

Berriki ene ohiko emaztea eta bere ahizpa Xelaren etxean lo egin zuten, Iruñean. Ez dakit nola bainan zerbitzuetara joan ondotik berriz ere beste gelan sartu zen eta emaztearen ondoko ohean sartu, ahizpa ohetik eskas zela ohartu arte. Bere bila joan zenean hantxe zegoela danba lo ikusi zuen eta iratzarri ondoren bere kabira berriz ere ereman zuen.

Larria izan behar da menperatzen ez diren egoerek halako saltsetan sartzen zaituztenean bainan jasaitea baizik ez baita, edo etxeko geletako ate guziak gakoz ongi ixtea, bada ezpada ere. Hemendik aintzinera, nik badakit etxera gonbidatzen dudanean edozein gauez halaxe egin dezakeela, bainan ene buruari galdetzen diot ea inkontzienteki ez dakien noren ohean sartzen den, beti emazteenetan sartzen baita.

Beste lagun bat ere badut, gazte denboretan halako gauzak egiten zituena. Andoni du izena eta Pauen ikasle nintzelarik, ia astero Donostiara joaten nintzen, gehienetan asteazkenetan, nere ikasle asteari adio goxo bat eginez. Sekulan ez baitut soportatu bortxez Euskal Herritik kanpo egoitea, ez ikasten, ez soldaduskan edo beste kasuetan.

Andoni, Delia andere zaharraren etxean bizi zen, hantxe pentsioa hartu zuelako, edo hobekiago esana, hantxe bere burasoek sartu zutelako. Delia familiako adiskidea zuten, gerla ondotik bi aldiz Francok hiltzera kondenatua, geroztik barkatua, abertzale munduan kontsiderazio handiko emaztea. Bere bizia aintzinera ateratzeagatik lagunen semeak ixtudiante gisa bere pentsioan hartzen zituen, Amarako Madrileko hiribidea deitzen zen kale berri haren hamargarren zenbakian. Ni, denen laguna izanez, eta amaren familia Deliaren ezaguna izateagatik ere, hantxe agertzen nintzenean lotarako lekutxo bat egiten zidaten.

Egun hartan Andonik nahiko besta egin zuen eta moxkor xamarrik etxeratu zen, Jon bere anaia eta nerekin batean. Laster ohera sartu ginen eta Andonik ez zuen galtza kentzeko denborarik ukan, osoki jantzirik ohe gainean lokartu zelako. Oren batzuen buruan edo, komunera jaiki zen eta Xelaren antzera, zutik, zerbitzuetako aska xuriaren parean luzaz egon zen, danba lo. Barnebidearen bukaeran zeuden bi gelen ateak berdinak ziren, biak kristalezko ate batez hornituak eta gure Andoni, bere gela ezkerrera utzirik , ustekabean Deliaren gelan sartu zen eta ohe gainean jarririk oraino soinean zituen galtzak kentzen hasi zen. Ai ama! Ohe gainean baino Deliaren tripa gainean jarri zela oihuek adierazi zioten:

- Bainan Andoni, zer ari zara? ---harriturik Deliak bere logaletik iratzartuz.

Galtzak laxatu ondotik eta kolpe gogor batez bere gorputz osoa Delia gaizoaren sabelaren gainean eseri zen, hankapetik “jean” haiek lerra zitzaten. Hura bai izan zela esnatze gogorra. Nork daki Xelaren amaginarreba izan balitz isilik egonen ote zenez eta arinki azpitik ihes eginen zukeenez...