33 Olentzero bererzia

Olentzero berezia

Begiraleak kultur taldeak urtero Olentzero ospatzen du eta Donibane Lohizuneko kalez kale ibiltzen da. Normalki arratsaldeko zortzietarako bukatu egiten da eta bakoitza eguberritako bere etxeko giroan sar daiteke, nor senideen artean goserik gabeko afariari zapore minimoa ateraz, nor haurren opariak prestatzen. Urte hartan, gure lagun talde hari, tximista eroa pasa zitzaion gogotik, gure Olentzero propioa jarraitzea erabakitzera ereman gintuena. Bazkal aintzin, herriko jende euskaldunen etxeetatik iragan ondoren bazkaltzera joan ginen Cosmopolitain deituriko jatetxera. Arratsaldeko lauetan handik lekutu eta gure ohiko zirkuitoa egin genuen, Olentzeroren panpina lokalera ereman arte eta Begiraleak elkarteko Olentzeroa bukatutzat eman arte.

Nik ez dakit zer debru gertatu zitzaigun egun hartan bainan umore onaren eraginez, gure artera apustu sinesgaitz bat agertu zen, ginauden lekutik herriko plazara mila libera baino gehiago bil genezakeela, berrogei bat metro direla jakinda. Baietz, ezetz, parioa aintzina joan zen eta handik pasatzen zen bikote haren aurrean lehen kantua bota genuen: “Hator,hator muti letxera, gaztainak ximelak jatera, gabon gaba ospatutzeko aitaren ta amaren ondoan, ikusiko dek aita farrezka amaren poz ta atseginez. Eragiok mutil aurreko danbolinari, gaztainak erre artean, gaztainak erre artean, txipli txapla, plun. Gabon gaba pozik igaro daigun!”

Eta Mirentxuk, bere panderoa luzatuz, gure apustuaren lehenbiziko sosak bildu zituen. Leihoetatik ere bizpahiru libera bota zizkiguten eta berehala kantu soil batez apustuaren ehuneko bata bete genuela ohartu ginen. Gambetta karrikako gurutzera iritsi baino lehen beste bi aldiz abestu genuen, beste hainbeste irabaziz. Hastapenean apustua ez zela beteko baieztatu zuten Mirentxu eta Bixkai eritziz aldatzen hasi ziren eta irrifarren artean Gambetta kalean sartu ginen, kitarra, txirula eta panderoa arinki jotzen.

Batean, elizaren parean, bestean, gurutzatzen genituen borondate oneko pasaianteen aintzinean, beste zonbaitzutan etxeetako ate aintzinetan, tirrinta entzunez balkoinera atera ziren jendeen sosak lurretik jasotzen genituen bitartean. Laster plazara iritsi ginen, boltsa nahiko betea. Sos bat panderatzen genuen aldiro irrifarrak ateratzen zitzaizkigun, dirua ahurrean biltzeko ongi kantatu behar ez zela oharturik eta gurea dena izan zitekeen, kantua izan ezik. Plazan sartu ginenean zazpiehun eta berrogeita sei libera konta genituen eta oraindik Txalupa jatetxean sartu gabe. Harat abiatu ginenean, berehala bi kantu bota genituen, Madrid tabernak duen edantokian. Jatetxera deraman pasabide estua harturik, nahiko beterik zegoen ostatuan sartu ginen, denek parioa lortuko genuela konturaturik. Lehen mahaian egin genuen kantua kantagintza munduan inoiz egin den kantu itsusiena izan zen, doinutik ezin kanpoago, kitarra ezin desakordatuago, bozen artean irriak ezin ozenago, eta begiak ezin dirdirago. Panderoa betetzen ari zen eta gu berriz kantuz eta irrifarrak ezin menperatuz, Bixkai farrez lehertzen ari zen, ni ezin jasanez, besteak berdin eta “Hator, hator mutil etxera” gure ezpain zabaletatik desastre bat bezala ateratzen.

Kanpora ematen duen ezkerreko atetik atera ginenean, terrazako mahai baten gainean bildutako dirua panderotik irauli eta kontatzen hasi ginen. Harritzeko bazen ere, mila eta ehun libera hurbil agertu zitzaizkigun, esana baita orduko hogeita zazpi mila pezeta, gaurko ehun eta hamabost euro hurbil. Elkarrekin eskua emanta, Georges Mailharroren tabernan afaltzen gelditu ginen, Txalupa jatetxea eta Madrid eta Suisse ostatuak jabe berenak baitira.

Sartu orduko Georges hantxe ikusi genuen eta zerbait merke afal genezakeen galdetu genion, gure aurrekontuaren araberako afaria negoziatuz, eta baietz, oreina bazeukala eta hura hetsilarrekin emango zigula. Azkenburukoak ere prezio horretan lortu genituenean bost lagunak mahai mehar haren inguruan eseri ginen, gure lorpenarengatik harro.

Ardo onak eskatu behar genituela erabaki genuen eta zerbait gure sakelatik ordaintzekotan, hura izango zela deliberatu genuen. Bordeaux dexente batzuk eskatu genituen, Suisse taberna batere merkea ez dela jakinez. Oreinaren aurretik eltzekari bero bat ekarri ziguten, Georges-ek sukaldean hala manatu baitzuen, ohiko “pourrrr mes amis” esaldi pastosoa erabiliz. Nahiz eta haragi sendoa izan, oreina aski goxoa zegoen. Azkenbururako izozki batzuk atera zizkiguten eta kafearen ondotik Armagnac bana edan genuen. Nik Habana puru bat eskatu nion eta bihotz onez berehala neurri ederreko txokor bat ekarri zidan. Kontua eskatu genuenean afaltzera konbidatzen gintuela luzatu zigun eta ardoa baizik ordaindu behar ez genuela esan ere. Georges nola eskermilatu ez genekien, kafeak, kopak eta puruak ere ordaintuta zeudela jakin genuenean.

Kantuz hasi ginen, gure ohiko kantu desdoinuetan bainan hura entzunda han zegoen jendea txaloka hasi zen. Bixkaik beste ardo botoila hobeago bat edan behar genuela pentsatu eta hala eskatu zuen, nonbait gastatu behar baigenuen bilduriko sos mordoa. Ai ama! lehenago jakin bagenu denetara komitatuak ginela, aintzinetik beste ardo mota bat eskatuko genukeela esan genuen. Bordeaux berri hura ezin hobea zegoen eta ohartu orduko botoila bukatu genuen. Beste bat eskatu genuen. Egia da bosten artean botoila batek asko ez zezakeela iraun, batez ere ingurura hurbildu zitzaigun tropa asetzeko, beraz beste bi eskatu genituen gure altxorra bukatu arte.

Le Suisse taberna nahiko garesti izan arren, berriz ere herriko merkeena atera zitzaigun eta egun hartan moralatxo bat atera genuen, hau da, ez dela untsa kantatu behar dirua biltzeko eta urrik afaltzeko, nahikoa dela ausarta izatea eta behar den lekutan ibiltzea. Nahiz eta senideen artean Eguberri haiek ez iragan, sekulan ez zaizkigu ahantziko.