27 Docteur Caire

Docteur Caire

Hogoita hamar urtetan hernia diskal batez operatu ninduten, ez lan indartsuak egiteagatik baizik eta entsalada apal bat baratzean biltzeagatik. Kontua da geroztik eta hogoi urtez bizkarreko minak bizia pozoindu didala eta minaldiak etortzen zitzaizkidanean mediku desberdinengana jotzen nuela. Behingoan gertatutakoa ahanztezina daukat.

Hondarrabiko maritxalartarren bitartez, Bidarten mediku ezin hobeago bat bazela jakin nuen, tratamendu berezia erabiltzen zuen kanpoko medikua, astean behin edo bi Lapurdiratzen zena eta bere klinika pertsonala Frantziako Tolosan omen zeukana. Maritxalar ezagun hura aspalditik joaten zen kontsulta horretara eta iduriz bizkarreko minak lehuntzen ari zitzaizkion. Nere emaztearen bitartez sendagile haren zuzenbidea eta telefonoa eman zizkidaten hitzordu bat har nezan. Tirrintak jo zuenean gizon baten abots misteriotsuak erantzun zidan nor nintzen galdeginez eta nere izena eman nionean ea noren partez deitzen nuen luzatu zidan. Maritxalar izena aipatu nionean zerua ireki zitzaidan, boz zakar hura ezti-eztia bihurtu baitzen bere kontsulta egunak ematen hasteko. Ordua hartu nuen eta etxean inor ez zen batere harritu gertatu izan zitzaidana kontatu nuenean. Denek bazekiten Caire medikuarengana joateko « aitatxi » bat behar zela, ez bataiokoa baizik eta mafian aurkitzen diren horietakoa,  fidagarriak  diren horietakoak.

Niri horrek susmo txarra eman zidan eta Bidarte aldera abiatu nintzenean haren kontsultegia aurkitu baino lehen mila arazo izan nituen, emandako zuzenbidea ez nuelako aurkitzen eta itzuli-ipurdika ibili nintzen bidez bide, bidexkaz bidexka. Azkenean, misteriozko karrika txiki hura bide nazionaletik aparte zegoen, irtenbidegabeko llabur horietakoa zen. Ezker-eskuin, hamar bat etxe zegoen, denak Lapurdiko kostan ikus daitezkeen polit bezain eder horietakoak. Han bideburuan, azken etxe haren aintzinean berebil pila bat aparkaturik zegoela ohartu nintzen, denak Hegoaldeko auto ederrak, bainan zer pentsatu behar nuen zenbaki gabeko egoitza funditu hura mediku famatu haren errezibilekua izan zitekeela, etxe bat baino garaje apal bat baitzirudien.

Auzokide bat goragoko etxe baten atarian ikusi nuenean hurbildu nintzaion ea mediku hura nun bizi zen galdeginez eta emazte haren erantzunaz balditurik gelditu nintzen. Bai, bazekiela mediku bat etxe hartan bazela... Ez zekiela segur, ez baitzen plakarik azaltzen eta… Halere kotxe « espainol » ainitz ikusten zuela erantsi zidan eta beharbada hura izan zitekeela luzatu. Bitxia zen, benetan bitxia lehenbiziko auzokideak ez jakitea zer egosten zen etxe hartan. Eskerrak eman ondotik misterioari hurbildu nintzaion. Egia zuen andre hark, plakarik ez zela agertzen, ez plakarik, ez izenik ere eta tirrinta hura jo nuenean, erantzunik gabe egon nintzen denbora luzaz. Bizpahiru aldiz tirrinta jo ondotik eta inork atea ez zidalako irekitzen, uzkurki barneratu nintzen, ohoin arin baten antzera, nere atzetik borta kartsuki eta isil-isilik itxirik. Egongela triste hartan lauzpabost pertsona zain zeuden, denak Hegoaldekoak, eta elkar agurtu ondotik ni ere Hegoaldekotzat hartu ninduten frantses doinu berezirik hartzeko ez bainuen ezer egin, eta espainiera bikain jakinez, hangotzat hartu ninduten.

Hantxe jarri nintzen. Parez-pare nuen atea ireki zenean boz misteriotsu haren irudia agertu zitzaidan, Caire medikua, berrogoi bat urteetako gizon burusoila, amantal txuri batez jantzita. Burua apaldurik eta mesfidantzaz beterik, ni nintzen etorri berria agurtu zuen. Egongela hartan inork ez zuen aldizkaririk irakurtzen, mahairik ez baitzegoen, zinez gauza bitxia mediku baten egongela batentzat. Beste hiru pazienteen sarrateren ondotik kontsultara sartzera egokitu zitzaidan. Agur serio bat emanda errezibitu ninduen ea noren partez nindoan berriro galdezka eta Maritxalar izena aditu zuenean osoki lasaitu zen, ni « espainola » nintzela uste izanda. Aztermahai haren gainean etzanarazi baino lehen, galdeketa luze bat egiten hasi zitzaidan, batez ere ea arazo psikologikoak bizi izan nituen txikia nintzenez. Bost urte nituenean ama hil zitzaidala entzun zuenean, berak espero zuen altxorrak zerua ireki zion eta horri buruzko galderetan sartu zen.

Gehien-gehien harritu ninduena hauxe izan zen, nere ama, bere sabel barnean eduki ninduenean, segurki erori eta kaska bat hartu zuela, nire geroko bizkarreko mina hala sortuz eta ene oinazeen arrazoinak horixe izanez, omen. Sasi medikuak esan hura bitxia iduritu zitzaidan nunbait jadanik halakoa entzun nuelako. Ene gorputzari sorik eman gabe, galdeketa hartan bukatu zen gure lehen hitzordua eta hortaz harritu nintzen, ez baita zuzena ene etortzearen min arazoa ez aipatzea ere, ezta ere bizkar hezurra ez aztertzea ere. Bere bitxikeria izan zitekeela pentsaturik sobera garrantzirik ez nion eman. Bai aldiz eskatu zidan dirua aipatu zuenean. Aro hartan, mediku espezialista baten kontsultak hirurogeita hamar libera balio bazuen, hau da, hamar bat euro gutxi gora-behera, honek hirurehun eta berrogeita hamar libera eskatu zizkidan, errana baita berrogoita hamar bat euro.

Zer gauza bitxia! Halakorik ez nuen inoiz ikusi! Nahiez eta bere erreakzionea azter nezan, ea txekez ordaintzen al nion galdegin nion, ezezko borobila erantzuntzat jasoz. Hortan, bandila kalakari ausart bat zela bururatu zitzaidan. Ez ninduelako hain aise izorratuko, ordaindu ondotik seguritate sozialeko orria eskatu nionean, bere amantala bezain txuria bihurtu zen, ni Hegoaldekoa ez nintzela oharturik eta bere galdera zuzena hauxe izan zen: « Bainan frantsesa zera? » Nik halakorik ez nion nolanahi aitortu behar, lehenik nere burua halakoa ez dudalako sentitzen, bainan ere halako ihardespen batek gure elkargoa betiko moztuko zuela sumatu nuelako, beraz nazionalitate frantsesekoa nintzela aitortu nion, besterik aipatu gabe. Zer egin ez zekien, edo dirua itzuli dena ahantz nezan edo joko berean segitu eta arrisku bizian sartu. Bigarrena hautatu zuenean hitzordu berri bat ematea espero izan nuen bainan deusik ez. Handik futeka atera nintzen eta bere etxe aintzinean jarraitzen zuen andreari medikua han zela oihukatu nion eta gainera, min egiteko asmoz edo, deklaratu gabeko medikua zela azaldu nion. Irritto maltzur bat ezpain artean erakutsiz, errandakoaz ez zen batere harritu, bai aldiz, kobratzen zuen prezioa aipatu nionean.

Hilabete batzuen buruan maritxalartarrak ikusi nituen eta nere abentura kontatu nien, zehaztasun guztiak emanik, batez ere nere ama haurdun zegoenean, bere erranez, erori zela eta kaska horrek ene bizkarreko lesioa zalantzarik gabe baldintzatu zuela. Biak irri beltzez hasi ginen aitortu zidanean berari ere gauza bera erran ziola, bere amak istripu bat izan zezakeela esperantxetan zelarik eta bere arazo guztiak hortik zetozkiola. Harritzekoa! Horretan konturatzen hasi ginen kalakari ausart diruzale bat baizik ez zela.

Handik egun batzuetara eta Baionako bidean nengoela, Bidarten sartzea erabaki nuen ea hark han bertan segitzen ote zuen ikusi, baina harriturik ohartu nintzen etxe hura abandonatu zuela eta han kontsulta gehiagorik ez zela. Zorionez andre bera leihoan ikusi nuen eta haren berri galdegin nion. « Ez, ez, zu etorri ondotik etxetik lekutu dela dirudi, Hegoaldeko auto gehiagorik ez baita agertzen » ---erran zidan. Baionako bidea segitu nuen zerbait igarri behar nuela pentsatzen. Maritxalarrek Tolosan klinika bat zeukala esanda, hango telefono gidaliburuan begiratu nuen ea halakorik bazegoen baina ez , bai aldiz Caire izeneko mediku bat. Harat deitzea deliberatu nuen beste hitzordurik eman ez zidala aitzakitzat harturik, bera balitz behintzat. Telefonoa hartu zuen idazkariak ez zidan zehaztasunik eman eta nere galderari Caire medikuak beste kontsultategirik ez zuela luzatu zion. Non sartu ote nuen muturra? Ene jakin-gosea asetu nahiz, hilabete baten buruan, bigarren aldiz bidexka hartan sartu nintzen, bainan ezer ez, hura betiko hutsik zegoen. Gauza bitxia iduritu zitzaidan nere agertzeak halako aldaketa sakonak sortzea eta betiko lagunaren bitartez laster igarri nuen Miarritzeko Victoria Surf izeneko eraikinean mediku egoitza hartu zuela. Bere telefono zenbaki sekretu berria lortu nuenean hara deitu nuen eta urrutizkina hartu zuenean berehala bere boza ezagutu nuen. Ezer erran gabe moztu nion eta berriro deitu. Izialdura sartu zitzaiola nabaria zegoen. Hura ikertu behar nuela gogoan harturik denbora pasatzen utzi nuen, min egin baino, ixtorioa kontatzea egokiago zitzaidala pentsatu nuelako.

Zer bilakatu den sasi mediku hori ez dakit, pakean utzi bainuen, bainan ez dakit zergaitik iduritzen zitzaidan Miarritze utzi zuela. Agian Tolosa ere bai, gaur bi hiri horien telefono gidaliburuak begiratzen badituzu ohartuko zara Caire izeneko medikurik ez dagoela. Segur, gure euskal kosta madarikatu honetan beste ainitz izaten ahal diren bezala, hura medikua ez zela ere!

Interneten aldiz, Le Caire izenari kontsulta bat egiten badiozu, arabiar hiriburua agertuko zaizu bainan ez dut uste gure sasimedikua arabiarra izaten ahal zenik. Alua!