24 Irrintzilariak

Irrintzilariak

Oraindik ere, orduan sortu zen Baztandarren Biltzarra besta nahiko ezaguna da. Frankismoaren denboran jaio zen eta hastapenean bere hitzak dioen bezala, baztandarren biltzarra baizik ez zen. Mila bederatzirehun eta hirurogoita bosta aldean argira atera zen eta lehen urteetan « la fiesta vasca » jai folklorikoa izan zen, Ana Mari Marinek egindako festa entregatzailea. Frankismoak bere azken buztankadak ematen ari zelarik, Elizondoko gazteek jaia eskuratu nahi izan zuten eta mila maniobren ondotik hura abertzaleen eskutan uztea azkenean lortu genuen. Han zeuden Inaxio, Salva, Txarli, Martin, Arantxa, Mayi, Patxiko, Mari peskatera, eta ahanzten ditudan beste zonbait ideologo edo langile.

Geroxago beste hainbeste hurbildu zitzaizkigun, Amaiurko Patxi eta Jesus, Elizondoko Jose Antonio.… besteak beste eta horiek bai ideologoak zirela. Carreroren ondotik Franco hil zen, eta trantsizio hura izugarria izan zen eta politikaz ezik ez baitzen ezertaz mintzatzen ahal. Gu berdin ginen eta Baztandarren Biltzar horretan ikuspegi desberdinak baziren, ea nork agintea har zezakeen. Orduan EIA, Herri Batasuna, EMK, LKI eta ORT-ko kideek gure elkarte hura osatzen zuten, independienteak ahantzi gabe. EAJ kanpo zegoen eta EA oraindik ez zen haien arteko zatiketa hartatik sortu. Nahiz eta gure arteko zalapartak izan, elkartean denok bat egiten genuen, bereziki festa antolatzeko uneetan. Eta biziki ongi antolatzen genuen, bai egiazko besta, beren orga, dantzari, kantari, bertsolari, bazkari eta guzi, bai eta bere inguruan sortzen zen politikazko errenbidikazio abertzalea ere.

Mila bederatzi ehun eta hamabosta zelarik ikurriña oraino ilegalizaturik zegoen hegoaldean eta politikan eman ziren urratsak izugarriak izan ziren, batez ere, jendearen gogoetan sortzen ari zen askatasun gogoa. Urte hartan beti oroituko naiz nola Sabin Zubiri jeltzaleak bestaren bazkalondoan ikaragarrizko ikurriña bat atera zuen eta bere inguruan ehunka jende bildu, ikurriña bere eskutan dilindan zebilen bitartean. Gutxitan sentitu ditut halako bihotz taupada sakonak, libertatearen ezkilak jotzen dituen lehen errepiken antzerakoak. Han zegoen, alki baten gainean zutik, ikurriña hura eskutan, inguruko jende guztia “Eusko gudariak gara” kantatzen ari zen bitartean. Hura izan zen sentiberatu ninduen lehen hausturaren keinuak, barne-barnetik bizitua, hortzak ikaratu zizkidan lehen sentikortasun uneak, emozio neurgaitza batera ereman ninduena. Eta hala izan zen, eta pikoletoek ere hala sentitu zuten plazan indarrez kargatu zutenean, herriko guarda zibilak, jendearekin hain atsegina omen zirenak, denei zanpaka, ezagunei gehiago, betiko ezagutza zanpatzeko mendekutzat hartzen balute bezala. Denei zanpa, honi kanpotarra izateagatik, beste honi hemengoa izateageatik, beste horri ideologoa izateagatik, beste hangoari langile sutsua izateagatik, total denei zapaldia, nafarrei, gipuzkoarrei, bizkaitarrei, iparraldekoei, hara hurbidu ziren guziei. Agian baita ere orduan “Nafarroa Euskadi da” errendibikatzen zuten Euskadiko PSkoei, PSN, Nafarroko sozialistarik orduan ez baitzen eta denek bat egiten zuten herri bakar baten alde, Euskal Herriaren alde.

Egun hartan lasterketa handiak izan ziren, korrikak ere bai, zer esan kolpeetaz eta zanpaldietaz eta azkenean herritarren atxiloketak, Landa, Aldako, Jose Mari, Jañin eta beste batzuk preso hartu zituzten eta Elbeteko kuartelera eraman zituzten, herriko Mortadelo y Filemon polizia sekretuak atxilotzeen jabe.

Biharamunean Iruñera eraman zituzten eta han kolpez josi. Galdeketak izugarriak izan ziren, hain izugarriak Jose Mari Aldakori handik ihes egitea bururatu zitzaiola, kolpeak ezin gehiago jasanez, eta polizia baten huskeria memento bat baliatuz, horra Gobernu Zibiletik lasterka eta korrika ateratzen dela, korrika iturri borobil aldera, atean zeuden guardien tiropetan. Nik ez dakit hura suizidio garbi baten adierazpena izan zen ala deus galtzeko ez zuen norbaiten errakzioa bainan gure Jose Mari lagunak handik ihes egin zuen tiro bat ere jaso gabe. Luzaz bere bila ibili ziren. Geronek ere ezer ez genekien. Geroago jakin genuen orain esaten ahal den bere gordelekuaren tokia, Bergara, bertako Gorilon bere lagunaren etxean.

Beste urte batez beste karga bat izan zen eta hartan zauritu pila bat ere.

Beti oroituko naiz ere nola Elizondoko zentro parrokial hartan gure antolakuntzako bilkura batean proposatu genuen orduan zeuden estrainatu haiek bestara etor zitezela. Egiazki estrainatuak ziren, haien egoera bortxaturik eta ihes lekuak utzirik, atzerritik Euskal Herrira etorri zirenak. Orduan behin baino gehiagotan jendea biltzen zen leku aproposetan agertzen ziren eta nik Elizondon ospaturiko hartan agertzea eskatu nuen. Une hunkigarriak ziren haiek, benetan frankismoaren aurkako borrokan sartzen zirenak eta trantsizio berri eta balizko itxaropentsu batean sartzen gintuztenak.


Urtero ere, gure zalapartak bagenituen komunikatu politikoa idazteko, bazkal ondoan irakurri behar genuen hura. Aski gogorra izaten zen, abertzalea, eta horretarako lau pertsona biltzen ginen bezperan Pirrin ostatuko goiko terrazan, Martin Garde, Arantxa Etxeberria, Inaxio Garmendia eta laurok. Arazo handiena genuen ea kartzelan zegoen Miren Egaña oronoztarraren izena aipatzen genuen edo ez, ETA VI-koa zelako eta berarekin batean erori zen komandoa abertzaletzat ez genuelako. Gehienetan ez genuen gure solas publikoan sartzen, azken urteetan izan ezik. Zer zozoak ginen halako eztabaida hutsetan aritzean....

Hori guzia gauza serioa zen baina horren ondoan eta Baztandarren Biltzarra bestaren inguruan sortzen ziren parrandak eta istorioak biziki politak ziren, batzuk oso irringarriak. Antolatzaileen giroa ezin hobea zen, abertzalea, euskalduna, irri egiteko gogokoa, beti afariak egiten, batez ere bestaren ondotik egiten genuen erraldoi hura, lanean parte hartu zuten guzien artekoa. Hantxe bi musikari nagusi baziren, Mari peskatera eskusoinua eta nere txistua. Abertzale sendimendua oso azkarra zen orduan eta Telesfororen kantuak genituen nagusi, Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu… .eta beste batzuk hala nola, Oskorriren Gora ta gora beti, Egia da nik ikusi dudalako edo gogoan ez dudan beste hainbeste. Batzutan ere gitarra ekartzen nuen eta Ez dok hamairu-ren kantuak isurtzen genituen, hala nola Zenbat gera, San Simon et San Juda, Txoria txori, Ez kanta beltza, Azken gudariaren negarra, Txalaparta eta nola ez Mixel Labeguerieren Gu gira Euskadiko eta holako.

Ni, beste batekin batera bestaren ibilaldiaren arduraduna nintzen eta geroxago bazkalondokoarena ere. Eta urtero Baionako Hor konpon txarangakoak erakartzen nituen, batez ere lagunak izateagatik. Bezperan etortzen ziren eta adiskideak izanez erreza nuen urtero talde hori berriz ekartzea. Parrandero hutsak ziren eta urtero, iritsi orduko denak aski mozkortuak zeuden, eliz baratzean bilduriko ereinotz aldaxkez eginiko buru koroez apaintzen ziren, erromatarren antzeko burugaineko arrontak antolatuz eta haiekin bi egunak pasa. Beti berandu zetozen leku guztietara eta jendea haietaz aspertzen hasi zen, nerekin ere bai, halako talde fundamentu gabekoa ekartzeagatik. Azken urtean totala egin zuten, bazkal ondoko taularen gainean zeudalarik musika jotzen, hara non nahiko mozkorra zegoen musikari bat atzeraldera erortzen dela eta hainbeste ordu montatzen kostatu zitzaigun taula gaineko apaindura erraldoia, berarekin lurrera eramaten duela. Agur eszenatokia. Agur ordu pila bateko lana, agur apaindura ederra. Eta denak irriz, Hor Konponeko musikariak denak farrez, ezin egonez, laguna hantxe lurrean mina harturik zegoela eta montatu zuten hondamendiaz irrifarrez. Baztandarren Biltzarrean jo zuten azken biribilketa izan zen hura, ez zidatelako gehiago utzi Baionako parrandalari horiek gehiago ekartzen.


Beste urte batez Filipe Bidart eta Baigorriko Arrola taldekoak ekarri genituen, horiek ere beti berandu iristen ziren horietakoak ziren, irrintzika hasi ziren eta hain polita iduritu zitzaidanez, heldu zen urteko jaian irrintzilariak egitarauan ezarri nituen. Nahiko arrakasta hartu zuen lehiaketa bitxi hartan Filipek, Jojok eta beste batzuek parte hartzen zuten, haien txapelketa pertsonala egiteko asmoz. Beti oroituko naiz nola, behin, sarrera txartelan, denek eskuratzen zuten bazkariko egitaraua zekarren kartoinezko hartan, Itxasuko Mixel Iribarren eta Ximun Olagarairen izenak irrintzilari trebe bezala agertarazi nituen, gure arteko irrifarrak handiagoak izan zitezen. Eta Elizondoko antolatzaileak galdezka, ea irrintzilariak hor ziren. Azkenean bat edo beste igotzen zen eta itxura salbatua zegoen. Mixelek eta Ximunek haien izenak txartelaren gainean ikusi zituztenean, irriz lehertzen hasi ziren, berehala asmatu baitzuten hobenduna ni izan nintzela.

Halako zozokerietan trebe nintzen eta La Semaine du Pays Basque egunkaria sortu zenean, biziki ongi ezagutzen nuen zuzendari nagusia, Roland Machenaud laguna. Parisetik zetorren, Bordelen zonbait urtealdi eginez eta Euskal Herrian egunkari bat montatzeko asmoz, Sud-Ouesti traba egin ziezaion zerbaiten sortu nahiz, ezkerreko zonbait ikuspegi azaltzeko gogoz. Hitza jendeari ematea zuen bere grina eta halako artikulu libreek tokia harrapatzen zuten bere egunkari berri hartan. Abertzale frango berarekin lanean hartu zuen eta esan dezakegu orduko La Semaine du Pays Basque hura kazeta nahiko abertzalea bihurtu zela, bederen abertzaleei hitza ematen zien horietakoa.

Ni, Donibane Lohizunen 1991an sorturiko kantu atelierraren kudeatzailea nintzen eta Roland eta bere emaztea bertara azaltzen ziren. Kantuak egunkarian agertarazteko baimena eskatu nuen eta baiezkoa jasoz, bizpahiru urte luzaz, Begiraleak elkartean egiten genituen kantuak hantxe agertzen ziren, itzulpen eta guzi. “Maitea galdegin zautan,”,”Itsasuntzi baten,”, Ttiki-ttikitik...” eta beste zonbait halako. Jendeak biziki preziatzen zituen kantu haien hitzak , jakin gabe, behin edo, bakanka, edozein gauza idazten nuela. Ostegun batez agertu zen egunkarian Baztandarren Biltzarreko irrintzilariei asmaturiko kantu bat argitaratu nuen, kantu zahar bat izan balitz bezala. Bistan da inork ez zuela hura ezagutzen, ez baitzen esistitzen, baina Euskal Herri guzian bik bai bazekitela kantu horren egilea nor zen, Ximun eta Mixelek, haien izenak abestian aipatuak zirelako eta segur hura irakurtzean, beti irakurtzen zutela bainekien, irrifarrez lehertu izan zirela. Zer irriak egin genituen elkartu ginenean.... Ene helburua lortu nuenez biziki pozik nengoen nahiz eta urte ainitzen buruan aitortutako sekretua lagun serio batzuek ez ulertu desmartxa hura, apezondoak gehienak.

Halakoa ainitz egiten genuen, eskerrik! Gure politika egoera ez baitzen txantxetakoa eta aterabide irringarriak behar zituen. Hor ez genuen ezer galtzerik bederen.