23 Miguel Beltza

Migel Beltza

Herri txiki askotan bezala, Arraiozen ere familia traketsak izan dira bainan honen heinekoa sekulan ez dela Euskal Herri guzian izan uste dut.

Arraiozek orduan hirurehun arima zeukazkien, orain bezalatxu, eta herriak dituen bi auzoak Baztan ibaiak zatikatzen ditu, zubi mehar bezain arriskutsuaren azpian iragaiten diren ur nahiko zikinak. Ordokian dagoen lehen auzoa Mardea deitzen da, Legate mendi kaskotik Baztan ibaia arteraino den eremu nahiko zelaia. Bigarrenak eta malda goiti doanak Urrutia du izena, Teillarin bidetik elizaraino ezker aldetik eta Elordi eta Gortaria etxeen artean zabalik dagoen eremuraino eskuin aldetik. Ibaiaren alboan dagoen errepide nagusia bi auzoen zatidura sikologikoaren arduraduntzat har genezake, zibilizazioak dakartzan gauza onak bezain txarrak, lekuko.

Mardean zeuden hogeita hamar bat etxeen inguruan herriko bizia egiten zen, han baitzeuden Justaren kooperatiba, ostatu denda eta taberna zena, estanko zaharra eta Tiburtxiren estanko berria, haien tabernak eta guzi. Lehenago ere, Etxetxipiko zurgindegia eta geroago plazan zegoen Manolorena, eta jende dotorea, elegantea, baserriko lanetik bizi ez zena, Lesakako ala Leizako “korreturnosetako” lantegietara lanera joaten zena, bere kamionaren jabe ziren kamioilariak, eta udatiarrak, Altxukoak eta gu, Barrenetxeberrikoak, nahiz eta bi familiak erroak Arraiozen ukan. Arkitektura mailan ere Mardean daude oraino zutik dauden bi etxe ederrak, Zubiria eta Jauzarrea, herrian dagoen palazio bakarra urrutian egon arren, Jauregia.

Berrogeita hamarreko hamarkadan, Baztan gehienean bezala, errepideak eraiki zuen hesi soziologikoa handia izan zen, batez ere hizkuntzaren erabilpenean, erderaz mintzatzea zibilizatuagoa egiten baitzuen, eta Francoren erregimenaren ondorioak ahantzi gabe, “karretera nazionala” iragaiten zen herrietan euskara bazterturik izan zen, batez ere Elizondon, Iruritan, Arraiozen eta Oronozen, nahiz eta herri txikienetan euskara ez galdu. Beraz, Arraiozen kasua izan zen bainan Mardeako biztanleak errezago erderara lerratzen ziren Urrutiakoak baino, errepidea lekuko.

Herria pixka bat ezagutzeko eta gure familia traketsa bertan kokatzeko, adierazpen bildu hau beharrezkoa izan dut, ahantzi gabe beheko auzo horretan etxe ainitz alokatutak zeudela eta familia nahiko pobreak bertan bizi zirela. Baserriko lanetan aritzen zen etxerik ez zegoen, mendi aldera gorantz doan bidean dagoen Mikelerroa izan ezik. Besteak batere, ez Ziriakonak, Iturraldekoak, Xuntenekoak, Justarenak, Etxetxipikoak, Etxeberrikoak, ez eta ere Estankokoak, batzuk herritik kanpo lanean, besteak kontrabandoan eta azkenak haien komertzioaren nagusi. Ezer egiten ez zutenak gutxi ziren bainan familia horretan lanean aritzea normala ez baitzen, batez ere gizonen artean. Ama, nahiko langilea zen eta bere seme guziak hazteko urtez eta urtez goizetik arratsera gelditu gabe egoten zen. Aita aldiz, Santiago zena, lanik ez zuen egiten, ez langabezian zegoelako, ez, ez, lanik egiteko gogorik ez zeukalako, eta herriak eta pentsioi bereziek ematen zienetik jaten zutelako. Santiagok bere denbora erdia ibiltzen iragaiten zuen, mantso-mantso, herritik zehar, bat edo bestearekin solasean, bere bizkarra pareta guztien kontra igurtzen, bizkar hezurreko magaletan dantzan zituen kukusoen aizkilia ahal bezain zuhurki arintzen. Beste erdia kooperatibaren parean zeukan bere etxeko alki batean jarririk, bizkarra beti paretaren aurka tinko sostengatuz.

Santiago Beltza deitzen zuten eta nola ez, bere bi semeak Juanito eta Migel Beltza. Izen hori nundik zetorkien zuzen inoiz ez dut jakin nahiz eta gorputzean zeramaten zoldarengatik zela behin baino gehiagotan aditu. Santiago ez zen gaiztoa, alferra baizik, munduan izan daitekeen alfer handienetakorik bat. Juanito bere semea, agian tradizionalista izateagatik, nik ezagutu nuen biziaren zatian bederen, bere aitaren urratsak jarraitu zituen, bai alferkeria behar zen bezala zaintzen, bai herrian zehar urte luzaz ibiltzen, baita ere alki berdinean eserita egoiten. Tuberkulosi bat zeukala zioten bainan horrek ez zion debekatzen kooperatiban ardo baso ugari edatea, ez eta ere tabernako zizeilu haren gainean musean aritzea. Behin baino gehiagotan, batez ere Justa basoak uretan pasatzen ikusten nuenean, pentsatu nuen eritasun hura kutsa liezagukeela, leku hartan garbitasuna ez baitzen nagusi.

Beste anaia Migel deitzen zen eta jadanik sortu zenean, bere amak, galderei erantzunez, herriak haziko zuela zioen. Horrek ondorio gogorrak erakarri zituen, ez bakarrik egoeraz baliatzeagatik bainan ere burutik hain sano ez izateagatik.

Migeliko gaiztoa zen, berez, eta bere hazle eta laguntzaile zen bere herriaren aurka egin zituenak izugarriak izan ziren, hala nola ur biltokia eta erreka nahiez kutsatu, bere leihotik botoilak errepidera bota berebil guztien gurpilak zulatuta gerta zitezen, gauez bere zakur handiarekin atera baratze guztiak gaiztakeriez xehatzeko, etxeko atarietan aparkaturik zeuden kotxeak marratu eta errodak zulatu eta halako...

Gaiztoa eta mozkorra, edo mozkorra eta gaiztoa, bere zakarkeria handitzen baitzitzaion ardoaren eraginez, jende guztia trabatzen eta molestatzen, bere izugarrizko atzaparrekin ximiko mingarriak edozeini egiten, iraintzen, mehatxatzen, bildurrez eragiten. Pentsa , egunero esnea etxeko atarian urririk uzten zioten auzokide bihozdunei zakurra pozoindu ziela. Harritzekoa zen nola haren bildur pean zegoen jendeak mesedeak egiten zizkion, batez ere, bakea ukan zezaten eta haien aurka ezer ez egin zezan... Pentsa ere beste auzokideek gauero afaria ekartzen ziotela, jakin gabe biharamuneko gauean haien baratzea edo berebila xehatuta gertatuko zela. Zerbait esatera ausartzen zirenei, erantzun berdina ematen zien: Lekukoak, nun dituzu lekukoak.

Justak, kooperatiba deitzen zen denda eta tabernaren jabeak eta bihotz oneko emakumeak hainbeste jasan zuen azkenean tabernatik betiko bota zuela eta mandatuak egitera baizik ez zuen onartzen. Halere, erosten zituen botoilak etxean hustu ezkero leihotik botatzen zizkion, bere aitak hainbeste aldiz hazkatu zuen paretaren kontra.

Hala zen gure Migel, gure Migel maitea, denek hala ustearazten baitzioten bederen, berarekin ongi egotea hobe zelako eta horretarako, mardeatar gehienek irri zabalez agurtzen eta tratatzen zuten. Benetan gaiztoa zen, batez ere, mozkortzen zenean bainan bestela ere bai. Behin, hamasei edo hamazazpi urte nituelarik, Elizondoko uztaileko bestak baino bi aste lehenago, herriak mutil-dantzako klaseak Antxitonea trinketean antolatzen zituen eta arratsero hara hurbiltzen ginen nere lehengusua eta biok. Bolada hartan Migel Beltza Elizondora auto-stopean etortzen zen, agian taberna gehiago bazelako. Egun hartan izugarrizko ekaitza sortu zen eta dantzan ari ginen bitartean argia bizpahiru aldiz joan zen. Halako batean Migel Beltza, harrabots handiz, kantxan sartu zen, nahiko mozkorra, eta jendea nekarazten hasi, batez ere Maurizio, Arizkungo txistulari ohia, txistuari behetik gora kolpeak emanez, jakinta ezpainetan eta ahoan min egin ziezaiokeela. Osoki nardaturik, dantza klase hura bukatutzat eman zuen, ortotsak gero eta ozenago entzuten genituen bitartean.

Trinketetik ateratzeko galeria luze bat bazen, korredore triste bezain meharra, eta han denak metatu ginen botatzen zuen izugarrizko erauntsiak ateratzen uzten ez gintuelako. Kazkabarra hasi zenetik inor ez zen ausartzen handik irteten eta gure atzean Migel Beltza espantua agertu zen denak bultzatuz eta lehen lerroan ezarriz. Herritik kanpo ginenean gurekin nahiko ongi portatzen zen, nahiz eta bere animaleko ximikotaz inor ez libratu. Beraz, han ginauden nere lehengusua eta biok ea apur bat atertzen zuen, eskutan aterki beltz bat zuen adineko gizon txiki eta burusoil baten ondoan.

Pazientziarik gabe, Migelek nere lehengusuari ea berebila nun zeukan galdegin zion eta Pellok, zubiko beste aldean zeukala erantzun zion, Eskisaroi ostatuaren ondoan. Eta hara non Migel Beltzak adineko gizontxo hura lepotik hartzen duen, sagarrondo baten parera igortzen duela erdaraz oihuka esanez:

-“Beno zu, oraintxe eramango duzu zure aterkiaren azpian gazte hau bere kotxera, bainan berehala, bestela ikusiko duzu !!” Uzkurki baiezkoa emanda eta beldurrez eraginda, nor ereman behar ote zuen galdezka hasi zen. Pello, guardasolaria eta hirurok, paisolaren azpian, zubitik behiti gindoazen, aterki zahar haren oihal gainean erortzen zen kazkabarrak hots neurria ematen baligu bezala. Eta Migel Beltza trinketeko atetik zorrozki begira. Nik gizon hari isilka erraten nioen otoi barka gintzala, guk ez genuela ezer eskatu ere. Lasai egoteko erantzun zigun, kalamitate hori ongi ezagutzen zuela eta...

Kotxera ereman gintuen. Migel Beltzaren bila hurbildu ginenean, atzeko aulkian eseri zen Arraiozeraino eraman genezan. Bidaia isil-isilik egin genuen, bere etxe atarian utzi genuen eta laster etxean sartu ginen senideei gertatu zitzaiguna kontatzeko asmotan. Halakoa zen Migel, gaiztoa, bildurgarria, irainzalea, zakarra, mehatxatzailea, deabrua.

Zergaitik jakin gabe baina herrian bizi zen Martin Mari gizon herbailari gorroto zioen eta maiz, baratze zabal hartan zintzoki landatu zituen benabarrak errotik ateratzen zizkion, eginiko lana erabat suntsituz eta baratzea xehatuz, lurrikara handi bat pasa izan balitz bezala. Beti alukeritan zegoen eta bere espezializatea txakurrak pozointzea zen, batez ere, Mardean bizi ziren jendeenak. Gau batez zakur batek zaunka egitea aski zitzaion biharamunean bizpahiru bizirik gabe agertzeko. Denek bera izan zela bazekiten baina inor ez zen deus erratera ausartzen ere. Neri behin baino gehiagotan autoko gurpilak lehertu zizkidan. Azken urteetan Arraiozetik hurbil mendian zegoen etxola batean bizi izan zen, bere zakur bildurgarria zaintzaile, eta gaizki bukatu zuen, etxola erre baitzioten, guardia zibilekin sobera mintzatzeagatik noski, batez ere Orabideko ibarreko kontrandoko bide horietan ziren mugimenduak zehazki adierazteagatik.

Beste herritarrek konta balezakete berenganik jasotakoak, zerrenda nahiko luzea izanen litzateke.

Hura hil zenean inork ez zuen negarrik egin herrian ezta aspalditik berarekin hasarre zegoen Juanito anaia ere.