20 Istripu eta isunak

Istripuak eta isunak

Ene gidari bizia aski hornituta izan dela erran nezake baina suerte handikoa ere, sekula istripu handirik ez dudalako ukan. Gogoan dudan lehena txirringaz izan nuen, zazpi edo zortzi urte nituelarik eta auzoan, lasterketak egitera jostatzen ginenean. Donibaneko portu aldeko karrika horietan kamioiek gasoila kargatzen zuten eta orai turisten aldeko den Infantaren etxe parean, noiznahi izugarrizko kamioiek, edo niri hala iduritzen zitzaidan, depositoa betetzen ohi zuten.

Behin, lasterketa horietan ari ginelarik eta irabaz nezakeela ikusiz, azken bira hura ahal bezain fite hartu nuen eta, parez pare, geldirik zegoen animaleko kamioia aurkitu nuen, ahantzi bainuen hortxe gasoila hartzen egon zitezkeela. Indar guziez haren aurka izarrak ikusi nituen eta erabat zauriturik klinikara ereman ninduten puntu batzuk egin ziezazkidaten. Inoiz ez dut ahantziko kamoi gorri haren irudia...


Bigarren istripua motorrez ukan nuen, Jacques Batut nene lagunaren motoaren gibelean nintzenean, Sarako Urtxolako bentako bidean, zakur bat bide erdira atera zitzaigunean.
«Honda 90» bat zeukan eta nahiko laster joaitea gustatzen zitzaion. Egun hartan gurutzatu zitzaigun txakurra ezin izan zuen baztertu eta itzulipurdika erori ginen, beti bezala, berak min handiena harturik. Ni, aldiz, itzulingo batzuk airean eginda, berriz ere zangoen gainean erori nintzen, batere minik hartu gabe. Bera, aldiz, anbulantzian ospitalera ereman zuten, aintzineko hortzak galdu zituela eta.

Zauri guzietatik sendatu ondotik eta hortik hilabete batzuetara, bere etxerantz abiatzen nintzen, ene solex zahar hartan. Gure bi etxeen artean malda handi bat bazen eta azkenean bira gotor bat, paretik zetorrena ikusten uzten ez zuena. Nola pentsa genezakeen, bakoitza bestearen etxeko bidean izanda, bira iskilin hartan gurutzatu behar genuela eta nola ez, zanpa! Bat bestearen kontra, berak zeukan ordezko mobileta urdin hartan, motoa beste istriputik oraino ez baitzuten konpondu. eta ni betiko solexean. Eta betikoa! Berak, bizi guziko orbainak agerian izanen dituen izugarrizko zauriak aurpegian jaso eta nik ezer ez, solexa hautsita izan ezik.

Hamasei urte genituelarik, gu baino zaharrago zen Jean Marie laguna genuen, jadanik Fiat 1500 bat bazeukana. Hura eroa zen, bai gehienetan erabiltzen zuen vespa gidatzen zuenean baita autoa hartzen zuenean ere eta Sarako San Iñazio delako lepora abiatzen ginen. Izugarrizko beldurrak pasatzen nituen, malda behera ziztu bizian jeisten zelako bira guzietan ezkerrera edo eskuinera lerratuz eta gurpilei soinu zorrotza ateraz. Nahiz eta sekula nerekin istripurik ez izan behin baino gehiagotan, gurpil gora bide bazterrera irristatu zela bagenekien.

Horrek, Pellok, nere lehengusuak, egiten zituenak gogoratzen dizkit. Ni baino urte bat zaharrago izanez, gida baimena lehenago izan zuen eta oroitzen naiz nola Baztango Lekarozko bideetara abiatzen ginen, batez ere, Iruritatik Arraskazanera barna, SEAT 600 zahar harekin, Fangioren gehiegikeriak kopiatu nahiz. Han ere sekulan istripurik ez nuen jaso, ez Baztanen, aldiz.
behin, Arraiozetik Elizondora nindoalarik, Irurita herriko goiko birarat iritsi nintzenean, parez pare, butano bonbona zeraman kamioia bira berean agertu zitzaidan, martxa bizian, bere kargaren ixteko burdina irekirik utzi zuela eta.

Eta zerutik jautsi balira bezala, hamar bat bonbona ene auto gainean erortzen hasi zitzaizkidan, horietako batek ene begien gaineko berinaren inguruan dagoen metala kolpe astun batez moztuz. Mirakuluz, berina ez zen hautsi eta han ere izugarrizko suertea izan nuen. Egun hartan bizi izan nuen une ikaragarria ez zen izan batere txantxetakoa, bat bestearen gibeletik, bonbonak kamiotik erortzen hasi zirelako nere gainera, pilota arin batzuk izan balira bezala. Eskerrik denak hutsik zeuden eta izialdura baizik ez nuen jaso.


Beste egun batez eta ene 205 Peugeota gidatzen ari nintzelarik, Endarlatsatik iragaiterakoan eta bidea hezea zegoelarik, gurpilez gora joan zitzaidan autoa, mendiko eskuineko harriari joz lehenik, itzulika hasi, ezkerrean nuen erreka hurbilerantz ezin gehiago hurbilduz. Saihets baten gainean gelditu zen berebiletik, leihotik atera nintzen eta motorra itzali. Ene aintzinean zegoen autobusa gelditu baitzen, haren gidaria eta bidaiariak laguntzera etorri ziren eta denen artean autoa berriz ere lau erroden gainean ezarri. Minutu pare bat iragan ondotik, berebilean sartu eta ezer gertatu izan balitz bezala, motorra piztu eta denei eskerrak emanez, animaleko ke xuri baten inguruan, handik lekutu nintzen, kotxeko metala nahiko hondatuta. Hor ere, suertez, fitsik ez nuen izan.
Egia esateko nahiko xantza izan dut gidatzen eta nahiz eta beste ainitzetan istriputik hurbil izan, beti lanjerretik arinki ihes egitea lortu izan dut.

Gazteetan parranda gustokoa izanez, batzutan, muinak pizturik, autoa hartu dut eta beharrik oraingo neurriak orduko berak ez zirela. Ene adineko beste hainbeste jendek bezala, inoiz ez dut kontrolik izan eta nahiko xuabe iragaiten ziren gure bidaia alaiak. Horretan ere nahiko suertea izan dut eta ene gida-bizian jaso izan ditudan bi kontroletan, nahiz eta marratik hurbil izan, beti bidea segitzeko gai nintzela esan didate. Azkenekoan, aldiz, ez!


Lerro hauek idazten ari naizen egunean gida baimenik ez dut eta zortzi hilabeterako gainera. Aurten beraz, uztailaren 24an, Elizondoko bestetako bezperan, lagunen arteko afari bat bagenuen Eskisaroi jatetxean eta, larunbata izanez, parrandatxo bat egin behar genuela bururatu zitzaigun. Bertara iritsi eta afaldu baino lehen, bizpahiru baso arno edan genituen, ostatuz ostatu. Handik afaltzera abiatu ginen eta besteetan edaten den neurrian gustora egon ginen, arnoa eta kafearen ondoko ttotta eta guzi. Handik plaza aldera abiatuz, beste garagardo batzuk edan genituen, hiruretan edo, etxera joateko erabakia hartu arte. Zergatik jakin gabe, nik gidatu behar nuela nioen, harro, balizko kontrola baztertzeko nondik pasa banekielako omen. Beraz, betiko polizien egonlekura iritsi baino lehen, autoa mantsotu nuen eta hantxe zirenez begiratu, ohartu gabe berebilak garbitzen diren leize izkutuan, foruzain gorriak sartuak zeudela. Eta horra, beso altxatu baten puntan argi laranja madarikatua, han gelditzeko agindua ematen zidana. Adio! Artean erori nintzen eta nola!

Haien tresna argidun hura puztu behar nuela esan zidatenean, denek dagiten bezala, putz ezina egin nuen baina hirugarren aldian, ene zortea jokatua zela pentsatuz, ahal izan nuen arnas guziarekin maxina alu hartan hatsa bota nuen, laster argi gorriak piztaraziz. 0,71g omen nituela! Berebiletik ateratzeko agindua emanda, nere paperak eskatu zizkidaten. Atera nien frantses gida baimenak harritu zituen eta ea beste paperik ez neukan galdegin zidaten. Eta nik baietz, Baztanen bizitzeko dudan arrotzen identifikaziorako zenbakia,

(número de identificación de extranjeros, NIEdelakoa, nekarren paper xinplea ateratuz. Halakorik ez zutela sekulan ikusi erran zidaten eta berehala ea frantsesa nintzenez galdetu zidaten. Ni frantsesa? Ezetz, euskalduna nintzela erantzun nien. Ai ama! Zer ez nuen egin? Han Espainian ginela, hura Nafarroa zela oihuka hasi ziren, ene aurkako jokamoldea erakutsi nahiz.


Hura politika - kontrol bat ote zen galdetu nienean are gehiago hasarretu ziren eta Iruñera atxilotua eremanen nindutela mehatxu egin zidaten. Ni, agian alkoholaren eraginez, ez nintzen isildu eta nahi zutena egin zezatela luzatu nien, baina jakinda, bihar berean, bizitzen ari nintzen egoera egunkarietan agertuko zela esanez. Nik ez dakit haien agintaria izutu zenez edo, baina nere zinemaren aintzinean barkamenak eskatu zizkidan, besteak isilean noski. Agian bere matrikula zenbakia idazteagatik edo nere adinarengatik, ez dakit, baina bere galdera desegoki harengatik barkamena jaso nuen bederen. Hantxe zegoen beste oilartxo foral euskaldun batek, Gipuzkoako Aia herrikoa omen, irainka hasi zitzaidan eta xinpleki bere besoa ukitzen nuenean, bultzatzen ari nintzaiola zioen, hitz erdizko mehatxuetara ailegatuz, biok, berak atxilotuta eremanen ninduela erranez eta nik bere aurpegia ez nuela ahantziko erantzunez. Eta beste motako solasetan ere jarraitu zuen, hala nola gezurra zela agintariak barkamena eskatu zidala, bera ere abertzalea zela, foruzainarena bere lanbidea baizik ez zela.....eta halako.

Eskerrik agintaria besteak baino zerbait adituago zela, gutti halere, eta berak isilpean niri esandakoak gogoan zituela. Azkenean isuna ezarri zidaten eta ene lagun batek berebila Arizkuneraino ereman zuen. Hiru oren hurbil bide bazterrean egon ginen. Gau hartan, Baztango errepide hartan ibili ziren goizeko gidari gautxoriek eskerrak eman zizkidaketen, bide hartan foruzainek nehor ez zutelako gelditu, enekin hain arduratuak egoiteagatik.

Asteartean Iruñeko epailearengana joan behar nuela abisua eman zidatelako harantz abiatu nintzen, nik neukan alkohol neurria penal arlokoa omen zelako. Abokatu bat hartzera bortxatu ninduten eta epailearen aintzinean pasa nintzen. Zortzi hilabeteko gida baimena kentzea jaso nuen, mila berrehun euro isunatik aparte. Abokatu hark, duela gutti baldintza beretan defenditu zuen beste bezero baten aferaz gogoratuz, hari neri baino isun guttiago ezarri ziotela xuxurlatu zidan eta epaileari horixe aipatu behar ziola. PP / UPN-ko ohiko aurpegi zorrotza zeukan gizon ttettardun nazkagarri haren erantzuna hauxe izan zen: « Begira, halaxe utziko dugu, izan diren irainak, bultzadurak eta autoritatearen aldeko oldarmenak ahanzten ditudalako, ados? » Zer gorri pesteak! Gertatu zen guzia haien aldera ezarri zuten, ni nahiko bortitza izan nintzelakoan....

Aste baten buruan Elizondoko karriketan aurkitu nuen lagun bati gertatutakoa kontatu nion eta berak bere lagun batek bizi izan zuena neri kondatu ere. Halako kontrol batean eta gutti-gorabehera arrazoin berdinengatik foruzainak berriz ere oilartu zirela eta bere lagunak hauxe erantzun omen zien: «Hainbeste denbora gure polizia izaiteko borrokan, horretarako? Besteak baino gaiztoagoak, zorrotzagoak eta espainolagoak izateko? Badakizue zer esaten dizuedan? Viva la guardia civil!» Eta betiko oilartxo gorriek hura esateagatik, gizona isundu nahi. Zer kopeta! Azkenean ez ziren ausartu!