06 Frachou

Frachou

Hamalau urte genituela Donibaneko zonbait lagun Baionako St Bernard eskolan ginauden, denok barnetegian. Gurekin batean Baionako hainbeste lagun bazeuden, haien artean Bouilloux, Darricarrère, Faure eta Frachou. Zorte txar batengatik lehenbiziko hirurak gazterik hil ziren, denak moto istripuz eta azkena polizia bilakatu omen zen. Maiz gertatzen den bezala gaiztoenek kartzelan edo polizia bukatzen dute eta jakin izan nuenez Frachou uniformeko bandilerian sartu zen.

Gazte denboretan bera zen gelako bandil eta kinki handiena eta maiz Baionako polizia eskolara bere bila zetorren, lapurketetan aritu zelako. Benetako ohoina zen eta guk ongi baliatzen genuen bere jakitatea, arriskurik gabe ebasten erakusten baitzigun. Frachou lagunak beti dozenaka zituen orduan modan ziren lau koloreetako zilarrezko boligrafoak eta negozio ederrak egiten zituen prezio merkean saltzen. Kanpoko orduetan bere inguruan ginauden eta lapurtzeko sistema bereziak erakasten zizkigun, batez ere, kalitatezko boligrafoak. Elastika handi bat erabiltzen zuen, handia bezain kotorra, besotik sorbaldaraino pasatzen ahal zena eta sorbalda gainetik atorraren azpitik eskuraino tira zitekeena. Bere saindu aire hura ongi baliatuz, saltoki dotoreetan sartzen zen eta zilarrezko eskuzko idazgailu haiek begiratzen egoten zen. Inork so egiten ez ziolarik, elastika boligrafoaren besoan gakotzen zuen eta aski zuen dena laxatzea idazgailua bakar-bakarrik mauka barnetik sorbaldaraino igotzeko eta gotorleku babesgarri bat aurkitzeko.

Harritzekoa zen zer trebeziaz erakusten zigun hura eta zer zizpaz igotzen zen boligrafoa. Halere bi arazo sor zitezkeela adierazten zigun, bat neri gertatu zitzaidana, lagunek bultzaturik lehen eta azken boligrafoa lapurtzen ausartu nintzelarik, eskumuturreko mauka sarreran kokaturik gelditu zitzaidanean, ezin barnera sartuz. Hori baitzen arriskua eta hura baztertzeko nahiko entrenamendu behar omen zen. Bigarren arriskua, sorbaldako bidea harturik, nahiko okertuta han goian geratzea. Frachou-k zeukan estiloa izugarria zen eta ostegun arratsaldetan ebasten zituen bospaseiak prezio merke batean eskuratzen genituen, guk geuk lapurtzea baino errexagoa baitzen. Zilarrezko boligrafo haiek ekartzen ez zituenean polizi eleberriak ekartzen zituen, baina batzutan nabalak ere, azken puntako labainak edo aire konprimituzko pistolak, denetarik.

Behin bere bila etorri ziren gendarmeek barnetegian zuen lotegiko armairua arakatu zutenean lapurturiko hamaika gauza aurkitu zuten eta Frachou egun batzutan ez zen gehiago eskolara etorri. Gure artean kartzelan omen zegoela hedatu zen.

Bere berezitasun handiena azterketak lapurtzea zen eta matematika, zientzia naturala edo historia-geografiako examina genuenean, Frachouk, gauez, gure irakaslea zen prefektuaren bulegoko bidea hartzen zuen eta ez dakit nola bainan gakoturik zegoen atea irekiz, azterketen gaiak zeuden tiretara* zuzen-zuzen joaten zen eta orri bat ebatsi eta han berean kopiatu , urrezko papera bere lekuan sartu baino lehen, azkenean bulegoa berriz gakoz itxi eta gureganatu.

Han ginauden denok bere zain, batere urduritasunik gabe, hark zeukan zientzia paregabekoa baitzen. Zenbat aldiz lapurtu zituen ez nuke esanen bainan gure matematikako irakaslea bitxi hartzen hasi zen gehienok azterketa bikain bera egitea, batez ere matematikan hutsak ginela jakinez. Azterketa, hainbeste gaietan eta hura susmagarria bihurtu zitzaien.

Behin, Casimir izeneko fraile prefektuak Frachouri paregabeko artea edo xedera ezarri zion eta azterketaren bezpera hartan gaiak argiki mahai gainean utzi zituen lotegira joan baino lehen. Jakin behar da Oroitzirriaren lehen alean kontatzen dudan bezala barnetegian berak zaintzen gintuela eta errexki gure mugimendu guztiak menperatzen zituela. Frachou baizik beste inor halako lapurketa bat egiteko gai ez zela bazekielako, gau hartan gure lagunaren joan- etorri guziak bere gelatik diskretuki ikertzen hasi zen eta ohetik altxatzen ikusi zuenean, ttapattan-ttapattan, bere atzetik abiatu zen. Gu izialdurez beterik saltsa guziaz ohartu ginen eta adiskidea ezin abisatuz, ilunpe haietan gerta zitekeenaren zain isil-isilik egon ginen. Frachouk prefektoaren kristalezko bulegotxoa ireki zuenean, mahaiaren gainean zegoen aztergai orri bat eskuraturik, laugarrengo gure gelan sartu zen galdeketa hura eskuz osoki kopiatzeko xedeaz. Eta horretan zegoela eta, Casimir ate kantoinean agertu zitzaion, zer ari zenez galdetuz. Han gezurrik ez zitekeen, bulegoa oraindik irekirik zegoelako, azterketa papera esku tartean zeukalako eta gure ikaskidea, isil-isilik, ezin harrapatuago, bere aurrean zegoelako. Jaso zuen zigorra izugarria izan zen eta eskolatik denbora luzaz bota zuten.

Bazkoko oporren ondotik itzuli zitzaigun iduriz arras txintxotuta, eskas egin zuen bolada luze hartan zuzentzeko zentro berezi batean sartu omen baitzuten. Denok hala uste izan genuen, behintzat bere mendekatzeko gogoa lagun hoberenei azaldu zien arte. Inork ez zekien zer zeukan buruan bainan gaizto hura zerbait astuna prestatzen ari zela jakin genuen. Eta halaxe izan zen, inork pentsa ez zezakeen mendeku gogorrena asmatu eta gauzatu zuen: Casimir prefektuaren bulegoari sua eman. Gau batez, azeri baten modura eta Casimir danba lo zegoela baieztaturik, bulegoraino jeitsi zen, gakoturik zegoen atea bortxaz ireki, zakar-untzian zeuden paperei su eman eta berriro goraino igo zen, bere ohean isil-isilik sarturik.

Beharrik norbaitek laster sutea ikusi zuela eta suhiltzaileak deitu zituela, bestela eskola guztia erre zitekeen eta gu agian barnean. Bulegoa suntsituta gelditu zen eta nahiz eta susmo guziak beregana etorri, bera ez zela izan tinko errepikatu zuen eta frogarik gabe, Frachou ez zuten zigortu, nahiz eta denek jakin bera izan zela. Bere arropak, bere armairua, lagun hoberenenak, dena arakatu zuten, froga baten bila bainan han ez zen izan ez lekukorik ez eta frogantzarik ere. Casimirrek ezin izan zuen berriro Frachou eskolatik bota, bere harrokeria guztia irentsi behar izan baitzuen, eta Frachouren irria ekaineraino bere ezpainetan iraun zuen. Irailean ez zuten berriz eskolan hartu eta nere bistaz erabat galdu izan nuen, orain dela urte batzuk polizia zela jakin arte. Bakoitzak merexi duena!