08 Aguer eta beilh kontsula- Oroitzirriak

Aguer eta Beilh konsula

 

Seigarren urtea Baionako barnetegian sufritzen nengoela ,ia etxera etorri gabe eta neure zorioneko aterabide bakarrak, lagunak ez beste,abertzale munduarekin loturik zeuden ,denak emozioneak,denak dardara sakonak.

1970eko irailan,gogo txarrez Largenté seroren eskolara igorri ninduten,lehenbiziko urtez mutilak onartzen zituen neska eskola klasista hortara. Lizeoan larehun neska baldin baziren ,berrogeita hamar mutil etorberriak ginen,erregetxoak, seroren kuttunak.

Hori lehenbiziko urtean soilik,gu ezagutu arte edo adin horretako mutilak deskubritu arte ,gauzak goitik behera aldatu baitziren bigarren urteko.

Lehen urte hartan,St Bernard ohiko eskolara lo egitera arratsero abiatzen ginen,goizero berriz ere zortzietako Largenten egoiteko,Tony tabernatik pasa ondoren. Egunero bidean Jeannot xuberotarrak mantentzen zuen ostatu horretan gosaltzen genuen, baso bat txokolate,croissant bat eta nola ez goizeko zigarreta paregabe hura,filtrorik gabeko « gauloise »txiki hura.Ondotik eta gosaria bukatzeko « coca cola » baso bat batzutan lasterka iresten nuela oroitzen naiz.

Egun guziz bide bera,egun guziz keinu berak,goiz eta arratse guzietako istorio bera.Ni asperturik nengoen,klasez asperturik,kartzelaz eta serorez nekaturik,barnetegi nardagarriaz unaturik, bi eskoletako paretez nazkaturik eta zer esan barneko jende guziez,denak higuin nituen.

Hala ere hiru salbazio banituen :

-Lehena,neskak.Pentsa, hamasei urteetan hainbeste neska egotea, eta guretzat lehen aldikotz nesken artean egotea.Haiek ere orain arte bere eskoletan mutikorik ez zuten ezagutu eta biak, orduan zeuden barnetegi “unisex”horietan bizi izan ginen. ..

Hor ezagutu nituen neure lehen amodioak,batez ere Gigi le Pelletier

 

-Bigarrena ,kitarra.Lau edo bost urte kitarra jotzen ikasi nuela eta « Ez dok hamairu »edo Carrere eta Ospitalen kantu guziak banekizkien, beraz lagunen arteko erregea nintzaden. « Itziarren semea », « Ez ez dut nahi », « Egun da Santi Mamiña », « Belardia kantuz », « Zenbat gera », « San Simon eta San Juda », « Egia »…eta beste hainbeste…Eta neskak inguruan…

Horiek guztiak abesteko,kanpokorduetan ama birjinaren estatua bat zegoen bazterreko alki batean ginauden ,batez ere urtean behin zegoen eskolako bestaren karietara montatzen genuen kantaldia prestatzeko.Euskal munduan gertatzen zenaren arabera,guk ere kanta talde bat muntatu genuen eta Pax antzerkian gure lehen emanaldia eman genuen .

Gure lehen talde hura lau lagunez osaturik zegoen:Txomin Laxalt,Bixente Eguiazabal,Ander Barrutia eta ni kitarraz.

Nun entsaiatu ez genekien, hango ikasgeletan ez baigenuen egin nahi eta beste toki egoki baten bila genbilen, ahal bezain bat eskolatik ateratzeko aukera ematen zigun toki berezi baten bila eta ezin hobea atseman genuen !

Eskolatik kanpo bainan hain hurbil zegoen etxe hartan ikastetxeko apez-omonierraren etxea.Apez hura bakar bakarrik bizi zen,eta hain euskalduna izanik,lehenik noizean behin gure kantuak kantatzera konbidatzen gintuen,gero aperitifa hartzera eta azkenean entsaio guziak egitera.Eskolatik kanpo egotea lortu genuen eta pozik ginauden.

-Hirugarrena politika eta abertzaletasuna.

 

1970ko abendu hartan euskal politika arras mugituta zegoen,Burgoseko auzia pilpilean baitzegoen eta ETAk egun haietan Beilh kontsul alemana bahitu zuen.

Irratiaren bidez gaueko hamaiketan « Radio Paris international » misterioso hartatik berri latzak entzuten nituen eta maindireen artean haren klandestinitateak dardarez ezartzen ninduen.Mario Onaindiak  « Gora Euskadi askatuta » epaile militarrei oihukatu zielarik edo idolotzat neukan Izkoren berriak entzuten nituelarik,militarrek ezpatak altxatu eta armak atera zizkielarik edo « Eusko gudariak gera » haren grabazio txar hura aditu nuelarik ere…..Pentsa barnetegi hartan bizi izan nituen emozioneak.

Gauero gelan irratitik entzuten nuena omonierraren etxean komentatzen nien,Sud-Ouest egunkariaren orriak irakurtzen genituen bitartean ,ez baikenuen beste irakurtzeko paradarik, omonierraren etxean baizik.Han egoitea genuen libertatea,egiazko askatasuna.

Omonierra Jean Aguer izenekoa genuen eta xiberutar hura arras abertzalea agertzen zitzaigun, eta gu, gazteak, ulertzen gintuen bakarra.

Beti brometan ari zen,are gehiago aperitifa elkar edaten genuenean. Behin baino gehiago tanta bat edanik itzultzen ginen arratsaldeko klaseetara.Beti ixtorio bitxiak zituen ,gehienetan sinisten ez genituenak .Etxe hartatik ateratzen ginenean betiko komentario berdinak irten zitzaizkigun,haren solasen soberakeriari buruzkoak batez ere, bainan gisakoa zen eta irriarazten gintuen .Maiz gezurretan ari zela genioen,gehienetan gezurretan,beti gezurretan.Ez gezur haundietan bainan bere abenturak harroki kondatzen zituzten gezurretan.Hau egin zuela,beste hori gertatu zitzaiola,hauxe egin ziotela edo huraxe egin ziela.Bera beti ixtorien artean,ixtoriaren erregea.Hainbertze kontakizun ipuindu zizkigun ez geniola ezer gehigorik sinisten are gutxiago aro hartan gogo guztiak gainerasotzen zituen aferaz mintzo zelarik : Beilh Kontsularen bahiketaz.

Berak ba omen zekien kontsul bahituta nun zegoen.Zer irriak !Zer solasak !Berak baietz zioen berriz ere,bazekiela nun zegoen,Xiberuko apezetxe batean zegoela eta horrenbeste ixtorio.Berak jada ikusi zuela,omen….Biharamunean ,sinisten ez genuela ohartzen zenean,zehaztasun gehiago ematen zizkigun,Montori herrian zegoela,berak ezagutzen zuen etxe batean,osasuntsua zegoela eta halako….

Nork sinistu behar zuen apez ergel baten hitza, Ricard pare batekin espantuka ari zena, neretzat behintzat hain garrantzitsua zen egoera horretaz hain arinki hitz egiten zuena.Inork ez !

Eta hala,hitzez hitz,irriz irri denbora pasatu zen eta abenduaren azken egunetan Beilh Kontsula Alemanian libro agertu zen ,ETAk askatu zuelarik .

Nun ziren beraz Xiberuko herri hura,apezetxe famatu hura edo Aguerrek kontsula ikusi zuela baieztapen hura ere.Dena gezurra !

Egun haietan guk Pax antzerkian gure kanta saioa bete genuen,

gure Ricarrak omonierraren etxean edaten genituen eta gure eskolako giroa gero eta gehiago gorrotatzen genuen.

Asteak,hilabeteak pasa ondotik eta Beilh jaunaren bahiketaren ikerketak aintzinera doaztelarik,bat-batean berria agertu zen :Xiberuko apezetxe batean gorderik egon omen zela,Montori herrian….Telebistak « presbytère » delako barneak erakutsi zituela oroitzen naiz,barneko gelak,han egin zuten zuloa, Beilh kontsularen bahiketaren tokia.

Eta gure Aguer inplikaturik zegoela,deklaratzera ereman zuten,bere herriko apezetxeko bahitokitik maiz pasatzen omen zela zioten ,azken finean,bahiketa hartan iduriz kolkoraino sarturik omen zegoela.

 

Eta nehork ez zuela sinisten !Harrigarria  !Eta guk bere solasak gezurtzat hartzen genituela !Hala mintzatzea,zer txoriburua !

Galdeketa ugari egin omen zioten,berriz ere atxiloturik egon zela jakin genuen bainan azkenean berak esandakoari ekin zioten,bera Baionan omonier zegoela eta ez zekiela batere Montori bere herrian gertatzen zena.Pixka bat gehiago eta lekukotzat hartzen gintuen.

.

Urtea bukatzear zegoen,Bertol Brechten olerkiak Mikel Laboaren ahotan oraino zegozen, « Denok ala inor ez » gogoz ikasi nuen ,Burgoseko auzipetuen hiltzeko kondenak bizi guziko espetxe zigorrera pasatu zituzten eta nik nere ikasturteari uko egin niolako kurtsoa errepikatzera kondenatu ninduten.

Irailan eskolara agertu nintzenean Aguer apeza ez zen gehiago omonierra,iduriz bera ere zerbaitera kondenatu zuten.

Xubiltz

.