12 Haritschelhar- oroitzirriak

Haritschelhar

 

 

 

1978ko ekainean,erderazko lizentziatura,« Lettres espagnoles »izenekoaren urte ondarreko azterketa pasa behar nuela eta,euskarazko examina Haritschelar jaunarekin Bordelen pasatu behar nuen.Orduan iparraldean euskal lizentzia ofizialik ez zen eta euskara irakasteko,beste edozoin letretazko lizentzia ukan behar zen.Bordelen, lizentzia urtean zegoen euskarazko zertifikatua(C1 izenekoa) pasatu behar zen ere eta nik lehenbiziko bi urteak Pauben eginik,Bordelerat azken urtea egitera joan nintzen,euskarazko zertifikatu hura, lizentziaturaren erdia gisa balia ziezadaten.

Orduan hala zen eta euskal zertifikatu hori izan ezkero,euskara irakasteko gai ginen,publikoan nola pribatuan .Hori baitzen diploma bakarra.

Bordeleko letretazko unibertsitatean,Haritschelhar jaunak ematen zituen kurtsoetan hameka ikasle ginen,astearte arratsaldetan,lauetatik seietara.Gabino bizkaitarra gurekin zegoen,Iturria apeza ere bai,Mixel Etxeberri ziburutarra noizean behin agertzen zen,Jeanine Dupuy anderea ere bai,eta beste hainbeste.Nik ,besteak bezala kurtso guztiak jarraitu nituen eta harriturik,ekainan hamaika ikasleetatik azterketa pasa behar zuen bakarra ni nintzela ohartu nintzen.Beste gainerako guztiak kurtsoetara heldu baitziren Bordelen beste euskarazko irakaskuntzarik ez zelako eta unibertsitate mailako euskal ikasketak segitzeko aukera ona bazutelako, gehienentzat hobby bat baizik ez zen.

Bitxikeria hori jakin nuelarik ,harrriturik gelditu nintzen,denak edo gehienak azterketetarako inskribitutak ginaudela uste bainuen.Egia aitortzeko,egoera hura berdin zitzaidan bainan jakin nuenean ,lotsa haundia sartu zitzaidan irakaslearekin aurpegia eman behar zuen bakarra neu nintzelako.Gazte denborako gauzak noski.

Azkenean ekainaren azken egunak gainera etorri zitzaizkigun eta azterketa hogoita batean nuela jakin nuenean urduri ezartzen hasi nintzen,bainan beste alde batetik,bakarrik nengoela ideiak lasaitasun goxo bat ematen zidan hala ere,irakasleak ehuneko ehuna ez zezakeelako suspenditu.

Hilabeteko hemeretzirako nere kurtso guztiak zuhurki ikasi nituen eta azterketarako prest nengoen,biziki prest, bainan hara nundik telefonozko dei izugarri batek nere ametsetatik iratzartzen nauela.

-« Xabier,Haritschelhar jauna naiz,zer gertatu zaizu ba ?Atzo azterketa zinuen eta ez zinen aurkeztu,zergaitik ?

-Ni harriturik,zer esan ez jakinik : « Ez,ez,atzo ez,hogoita batean daukat,beraz etzi. »

Ezetz diozut,atzo zeneukala eta ez zinen aurkeztu,zer gertatu zitzaizun bada ? .

« Segur al zaude ?Nik konbokazionean 21ean zela irakurri bainuen.»

 

Zozo bat bezala hemeretzian zela ez nintzen beraz konturatu eta nere akatsa ez nekien nola desenkusatu.

Telefonoa abotsik gabe utzi nuen berak ozenki luzatu arte :

-« Begira,azterketa atzo zenuen eta nik, zu ikasle bakarra izanez, badaezpada ere 13/20 bat ezarri nizun ,zerbait gertatu zitzaizula pentsatu bainuen.Urtean zehar izan duzun jokabidea badezagut , ez zait normala iduritu zure atzoko eskasa . Eta nola nahi duzu nere ikasle kopurutik 100%ak huts egitea,(he,he…nik pentsatu nuena),beraz nota hori ezarri dizut,euskarazko erakaskuntzak bere 100%eko lorpen haundia erakuts dezan.

Ni telefonoaren harian harriturik nengoen ,zer erantzun ez jakinik, barkamena mil aldiz eskatu nion ,azterketa benetan hogoita batean zela uste nuela,eta…

-« Begira Xabier,gauza bat esan behar dizut.Nahiz eta 13 bat ezarri eta esamina gainditu, azterketa hori nolazpait ere pasarazi behar dizut,beraz hasi pentsatzen nola egin behar dugun. » Eta zer nekien nik ?

Orain urte andana bat,Jean Harischelar Baionako euskal erakustokiaren zuzendaria zela eta astean bi egun baizik Bordelen ez zituen iragaiten,astelehen eta astearteak .Bordeleko kurtsoak eman ondotik, Baionako euskal erakustokia zuzentzera zetorren .

-« Begira Xabier,etzi, zato Baionara azterketa pasatzera,euskal erakustokian egonen naiz eta horrekin kitto,bale? »

Ni harriturik,baietz esan nion bederatzitako han egongo nintzela.

Egun horretan ez nuen batere lorik egin,biharamunean ere ez.Bitartean nere kurtso guztiak berriz errepasatu nituen,berriro denak irakurriz eta orain arte sakonki ez nekizkienak behingoz gogoz ikasiz.

Biharamun hartan autoa hartu eta goizeko bederatzitako Lormant karrikan zegoen euskal erakustokira gertaratu nintzen .Zer lotsa !Polliki polliki ate nagusi potol hura bultzatu,harrabotsik sartu gabe,axeri baten modura ezkerreko eskailetan abiatu, isil isilik , inork ikus ez nezan eta bat-batean Manex Pagola laguna oihuka hasten zaidala :

-« To Xabi zer haiz hi hemen tenore hontan? »

eta ni zertara nentorren ez aitortu nahirik zerbait ikertzera heldu nintzela ihardetsi nion.Debaldetan,dena baitzekien lagun Manexek.

Laster eta Haritshelharrek gora joateko agindua eman zidalarik,uzkur-uzkur eskailetako mailak igo nituen zer gertatuko zitzaidanez ez jakinik.Beharrik nere arbasoaren eskulturaren aurrean pasatzeak indarra eman zidala eta Carlos Soubeletten bronzezko buruak hauxe esan zidala senditu nuen:

-“Lasai Xabier, hau laguna duk,neurea eta heurea ere bai, habil lasai.”

Zuzendari Jaunaren bulegoan sartu nintzen,apal apalik,xume xumerik, aurpegi zintzo batez nere errua xuritu nahirik.

« -Zer gertatu zaizu bada,ez zenekien azterketa astelehenean zenuela edo? »

-« Ba ez, arrunt sinetsia nengoen azteazkenean nuela, beraz gaur,egitan, nik ez dakit nola paperak gaizki irakurri ditudan ,ez dut ulertzen.

Berari eta bioi hori berdin zitzaigun ,aurretik azterketa gaindituta neukalako,gainditutrik eman zidalako, bainan hala ere elkar lana egin behar.

D’Etxepareren Kontrapas testoa aukeratu zuen,nahiez uste diat.Erresagorik ez zitekeelako.Betiko testoa,denek dakitena, nahiz eta euskara ez jakin.Irakurtzen hasi nintzaion :beraz,Kontrapas.

Euskara jalgi hadi kanpora….

Garaziko herria benedika dadila

Euskarari eman dio behar zuen tornuia….

 

Nik bai eman niola behar zuen tornuia azterketari.Eta berak hura jasan behar. Berak zeukan ikasle ezagun bakarrari zero bat ezartzea ezin zailagoa zitzaion. Ezinezkoa.Beharrik!

Hamairua baino gehiago merexi ukan nuen bainan dezentziaz protestan ez nintzaion hasi.

Gizon elegantea Haritshelhar.

Milesker. Xubiltz