20 musika banda_ Oroitzirriak

-Musika banda

 

 

Nere osabari Renéri hurbildu nintzaionean ea zerbait egin zezakeen etxetik hurbil egon nendin, berehala baietz esan zidan bainan lehengo ixtorioan dioedan bezala ,ez zuen ezer lortu eta mila kilometroetara igorri ninduten.Zinez,ez dut uste zerbait egitera entsaiatu zenik ere,ez bainaiz batere fido.

Egoitz triste batean sartu gintuzten lehenbiziko hilabeteko klasea egin genezan.Imbert teniente gaixtoaren aginpean ginauden.Gero,suertea izan nuelako eta jadanik agertu diren arraizoinengatik,musika bandan nonbratu ninduten eta han beste zerbait izan zen, soportagarriagoa zalantzarik gabe.

Beste guztiak bezala tronpeta laster jotzen ikasi nuen.Astelehen hartan eskutan ezarri zidatenetik ostiralerat « do  »nota hura atera beharko nuela agindu zidaten, asteburuko ateratzeko baimenik ukan nahi baldin banu bederen.Koartelean sartu nintzenetik lehen-lehen baimena izan zitekeen,bi hilabeteren ondokoa,pentsa « do » madarikatu hura aterako nuenez,noski baietz..Ostiraleko azterketan « do « garbi bat soinukatzera iritsi nintzen eta etxera itzultzeko Mila eta hiru kilometroak egiteko paper berezia eman zidaten.Zer poza !

Ikasteko metodoa ez zitzaidan hain txarra iduritu,laster sol,do,mi,sol jotzen bainuen eta laster ere bigarren sol,do,mi solak ere.Horrekin bakarrik falta azpiko si eta la madarikatuak eta zailena zen azken goiko do zorrotza,ezina,garbiki ateratzea.irits ezina..Hirugarren hilabeterako bandako titular sartu ninduten eta hor bizi berri bat hasi zitzaidan.Asteburuetan desfilea edo ibilaldia genuen,gehienetan larunbata gauetan,edo herriko festeetako zaldietako parada haundietan,han halako ohidurak baitira.Provins hiriko alkatearen etxean,Peyrefitte jauna Frantziako barne ministroa zenaren besta berezietan ere jotzen genuen,ofizialen urtebetetzeetan edo igande goizetan inguruko eliza batzuetako jai berezietan ,baita ere maiz ziren eguerditako parada militar horietan,hala azaroaren hamekan nola maiatzaren zortzian edo uztailaren hamalauean..Hori guziak esan nahi zuen irtetzeko baimena igande arratsaldeetan ematen zigutela ,astearte edo asteazken eguerdi arte.Batzutan ostegun goiz arte ere bai.Dena den ,normalki,asteazken arratsaldeetan entsaioa genuen eta hola arratsaldero larunbata arte.

Zer entsaioak !Benetan kontatzekoak !

Zuzendaria Lemoine adxudanta genuen eta bigarrena Victoire izeneko « Marechal des logis » edo sargentoa.Gehien gehienetan azken honekin entsaiatzen genuen eta berarekin ere izugarrizko irriak egiten.Berarekin baino,bere bizkar,sekulan halako agintari zozorik inon ez genuelako ikusi.Ikasi genituen lehen bi aideak « Le Joyeux trompette » eta goizetan koartelaren erdian militar guztiak iratzartzeko gisan jotzen genuen esnatzeko doinua..

Hiru hilabetez ikasiak genituen eta denen artean jotzen genuena erreza egiten zitzaigun,nahiz eta huts galantak egin. Bigarren musika arras zaila zitzaidan,batez ere kuartelaren erdian bakar bakarrik jo behar nuelako eta urduri ezartzen nintzelako.Ez nintzen horretan bakarra.

Beti oroituko naiz,nere lehenbiziko egun hartaz,nola ez nuen nota on bat baizik egin eta nola ere irriz bakarrik hasi nintzen nere tronpetaren auspoan. Norbaitek etzun ninduenez ez dakit bainan nota faltsuen eta irriaren arteko nahasketak puzkar potol baten gisako soinu bitxia atera zuen,eta hala segitu nuen ere bukatu arte ,horiek baitziren konsignak,horiek baitziren esanak,gaizki egitea ez baitzen batere axola,jotzea baizik ez zen egin behar.Sekulan ez genuen gelditzerik egiten ahal.

 

Arratsaldeko entsaioak gogokoak genituen,farrez lehertzen ginelako.Victoire izeneko Marechal des logis hark txistua jo orduko « u »zabal batean formatu behar ginen eta atzerapenik gabe,ez bait zuen halakorik onartzen, gure tokiak hartzen genituen :ezkerretik eskuinera , bi muturretan tronpeta zuzenak,haien ondoan,erdirantz joanez tronpeta baxu potoloak,aldamenean adarrak eta erdian danborrak , atabalak eta bonboa.,hamabost hogoiko talde bat osaturik.

Gure jokoak bi motetakoak ziren,lehenik denak batean ez hastea ,sargentoa narda pundu izigarri batean ezartzen zuena eta bigarrena  « u »hura emeki emeki desegitea.

Lehen lehenik oroitzen naiz nola « Bat,bi  »hasteko hitzak esaten zituen bitartean,beti norbaitek urrats bat aintzinerat egiten zuela,zerura begira edo ez ikusia eginik. « Bi » hitz hura ahoskatzeko inoiz denborarik ez zeukan eta oihuka hasten zitzaigun ea zer gertatzen ote zen formaketa zuzena modu horretan hausteko ?Berriro gure tokira heldu eta , « bat bi » hitz magikoen zain ginauden,bainan debaldetan,bi nardagarri hura ez zelako sekula heltzen ere. Beti norbait mugitzen zitzaion,tronpeta eskutan , begirada beste leku batean galdurik,gehienetan zeruan itzaturik, ohargabea erakutsiz ,bat eta bi hitz jokolari haiek esistitzen ez balira bezala. Hura nardatzeko mila arrazoin bilatzen genuen.Victoire gaizoak ez zekien zer egin ,nahiez egiten genuela ez baitzen ohartzen zozo hura.Azkenean denek bat egitera lortzen zuenean,bigarren jokoan abiatzen ginen,desdenborako haste kakofoniko batean sartzea.

Bi-ren ondoko une lasterrrenean eta neurriaren logikari uko eginez,nunbaitetik Tuuut puzkarrero bat ustegabean denen artera ateratzen zen,bakar bakarra,tronpetaren neurri zuzena hasi baino lehen.Victoiren hasarreak !Eta gu denen irriak !Irri izkutatuak halere,ez bait zuen inor irriz ikusi nahi gure gizonak.Oker egiten genuen aldiro,begiak zerurantz botatzen zituen,bere desesperazio zorrotza erakutsiz.Egunero ordu erdi bat baino gehiago pasatzen genuen hala eta agintari ttantto falta hura ez zen ohartzen ere nahiez egiten genuela.Halako irri nagusiturik bizi guzian ez ditudala egin uste dut..Eta berriro tuuuuut,tronpeta batetik gure Victoirek burua gal zezan,eta beste bat….Ikusgarria,benetan ikusgarria !

Behin baino gehiago zigortzen gintuen eta iganderako ateratzeko baimena kentzen bainan ez zen luzarako eta biharamuneko entsaioa ongi egiten bagenu, zigor guziak kentzen zizkigun.

Gaizoa Victoire,gisakoa zen …Neri penarik ez zidan batere ematen,lehenik militarra zelako eta bestetik pello huts bat zelako.Gero eta gehiago nardatzera jotzen genuen,Iñaki Etxeberria,Morcenx Landesetatik etorritakoa,Alain Desvaux,Agen herriko txikitxo irringarri hura, Michel Jaraiz,Niorteko mutiko bitxi bitxihura eta laurak.Zer taldea muntatzen genuen. Biligarro finak,zirtzilkeriez jositak,mementu guztietan saltsa sartzeko prest ginenak

Eguneroko leloa hura genuen.

Lemoine adxudanta etortzen zenean aldiz ez zen gauza bera,berarekin irririk ez baitzegoen eta gainera ongi jotzen bagenu,ateratzeko baimen berezi bat emaiteko gai zela bagenekien eta hori ezin baliotsuagoa genuen.Hori zuen hark bere buruari balioa emateko manera eta zinez ondoriotsua zeukan.

Mila ixtori bizi izan ginuen,bereziki asteburuetako ateraldietan.Lemoine ez zegoen egunetan.Victoire genuen agintari eta bere atzetik zuzenki formaturik genbiltzen.Edozoin herritako militar paradeetan, « La compagnie des hussards » ezaguna osatzen genuenez,denek errespetatzen gintuzten.Sekulan ez dut ulertu zer debozioa zioten gure konpainiari.

Militarrak zinez gustokoak zituzten Seine et Marneko inguru haietan,beti jendea trumilka gu ikusteko leku on bat har zezaten,beti denak gogotik txaloka,haurrak begi borobilez jeloskeriz bezala begiratzen zigutenak,neska gazteak espaloietan irri eztiez guri begira, «ohiko gudariak »oroitzapenez lilluratutak,familia guztiak ibilaldiak ikustera etxetik multzoka etorritak.Neretzat zinez ulergaitza.

Behin baino gehiago ibilaldia hasi baino lehen taberna edo ostatu batean sartu eta agintariek ikusi gabe Ricarka aritzen ginen erdi moxkortu arte.Halako egunetan bai bitxiak zirela gure ibilaldiak,lerro oker haietatik batzutan alde egiten oinbideetan zeuden neska polit gazteei muxu eman geniezan,bestetan nahiez urrats gaixtoetan ibilki neurkada hausteko gisan,beste batzutan nota faltsuak ozenki botatuz kakofonia itsusi bat sortzeko maneran,noiznahi jendea agurka ,batez ere neska gazteak,eskuak altxatuz tronpeta jotzeari uko eginez…eta beste holako.Behin ,etorberri batek gure jokoetan hain ongi sartu zen ibilaldiaren parte bat pitilina airean egin zuela,tronpeta jotzen serio serio,eta hortaz ohartu ez balitz bezala.Pentsa !

 

Halako egun baten biharamun batean denak zorrozki zigortu gintuzten , egin genituen astokeriak norbaitek kondatu zizkielako,Frantziko armadaren ohorea bihotzean zeukan norbaitek segurki, eta bi aste kuarteletik atera gabe egon ginen.

 

Egun horiek hala eta,San Ferminak ziren eta nik,sanfermineroa izanez, egun hartan, zerbait egin behar genuela pentsatu nuen, nahiz eta zigorturik egon.Iñaki eta biok,larunbata goiz hartan,ofizialen jantokira isil isilik sartu ginen eta mahai oihaltxo gorriak ebatsi genituen.

Egia aitor baneza,behin edo beste jantokian sartu nintzenean zapi gorri horiek Sanferminetarako baliatu behar genituela bururatu zitzaidan eta gaur gure eguna iritsi zitzaigun .Hiru kilometrora zegoen Sourdun herri txikian , herriko bestak ziren eta gauez itzulitto bat eman behar genuela ere erabaki genuen.Baimenik gabe kuartelatik ihes egiteagatik zigorarren neurria bagenezaguen bainan hark ez gintuen gelditu eta ilundu orduko kanpoko bidea hartu genuen..Zigor baten gaineko bigarren zigorra denek buruan geneukan bainan ihes egitea lortu genuen eta herriko ostatu txiki hartan bildu ginen.

Zer neska ederra hango zerbitzari gaztea,ile argidun neska planta ederra !

Espantu xamarrak egiteko,txupinazoa zer zen esplikatu genion eta gure zapiak lepoaren inguruan ezarri baino lehen, plastikozko xorro bat hauntu ,lehertu eta Astraingo balsaren airea abestuz ,suziri baten soinua egin genuen .Zer Sanfermin ederrak,Iruñetik mila eta ehun kilometroetako Sanfermin paregabekoetan lepoaren inguruan zapi gorriak eman genituen eta « perroquet » izeneko edari orlegia hartzen hasi ginen,poz pozik.Zenbat edan genituen ez dakit bainan atseko bederatzietarako aski beroturik ginen,kantuz,irriz eta jolastuz,taberna hartatik atera gabe ere.Neska hura gero eta pollitagoa iduritzen zitzaigun.

Bat-batean ezbehar izugarria gertatu zitzaigun,ostatuko ate mehar hartatik hara nun sartzen zaigun Lemoine adxudanta,algara bizian, bere lagun batzuekin.Nola gorde ez genekien,ostatua hain txikia baitzen.Berehala ikusi gintuen eta begirada aldatu zitzaion. Ezin serioago hurbildu zitzaigun eta bi hitzez benetako dardara gorputzean sartu zigun: -« On verra ça demain » hitz mehatsutzaile haiek gure irri guziak geldarazi zizkiguten eta gure zapiak lepotik kendurik ,ostatutik atera ginen zakur izitu batzuen modura, buztan behitiko ateraldi umil batean,Lemoine gure xefa han barnean utzirik.. Herrian beste tabernarik ez zegoen eta herriko plazan jende gutti dantzan,kaleetan inor ez,gu baizik.Kuartelatzera erabaki ginuen gure Sanferminari agur esanez.Ez naiz oroitzen zer zigorra izan genuen bainan gauza gutxi,Lemoini irringarria iduritu baitzitzaion gure jokamoldea.

 

Holakoak dozenaka egiten genituen,batez ere Jaraiz lagunak Niortetik bere berebila ekarri zuenetik.Gauetan,inguruko bestetara abiatzen ginen,baimenik gabe noski .Beti oroituko naiz nola garagetara hurbiltzen ginen jeepetatik errekina lapurtzera eta Michelen autoaren depositoa betezera.Zer gusto txarra zeukan lehenbiziko errekin urrupada hark,hatsaren bitartez tutu hartatik zurrupatzen genuena.Nik ez nuen gehiagorik egin nahi, behin zintzurreraino errekina sartu baitzitzaidan .Beste norbaitek egiten zuen eta autoa leporaino errekinez beterik, handik ateratzen ginen edozoin herrietako jaietara.

 

Azken hoberenak eta neretzat txarrenak azken bi hilabeteetan gertatutakoak izan ziren.Ni bandatik bota ninduten eta kapitainaren txorien arduradun nonbratu ninduten.Han,eskuadroi berri hartan ez zen musika bandaren bizi berdina eta beti militar lanetan genbiltzen.Hori ez nuen iraunen eta handik lekutzea erabaki nuen.Dentista laguna neukan,Ducassou izeneko mutikoa,nere gela berean lehen bi hilabeteak pasa zituena.Bereganatu nintzaion ea modu berezi bat bazenez koartel zikin hartatik lekutzeko.Berak esan zidan modu bakarra zuhurtasunezko haginak kentzea zela eta sano nituen lauak errotik ateratzea erabaki nuen. Horretarako,Pariseko Val de Grace militar ospitalera eraman ninduten eta han dudarik gabe,bat-batean haginik gelditu nintzen. Nerea ez zen hain bortitza izan,lau egun gela hotz hartan sarturik eta etxera.Aise gehiago pairatu zuen nere gelan zegoen beste gazteak,hortz guziak kendu baitzizkioten,ez dakit beharrez edo ni bezalako arrazoinez.

Etxera itzuli nintzen minik gabe beharbada bainan haginik gabe segur.Hamabost eguneko baimen medikala eman zidaten eta ni etxean pozik.Bon,etxean baino gehiago,lagunekin .Beste bi aste eman zizkidan nere Donibane Lohizuneko Iñaki Hernandorena dentista lagunak eta horrekin hilabete bat opor. Beste bi aste eman ziezazkidan ikustera joan nintzaionean berriro, esanez koartelera itzuli ez nuela nahi.Euskaldun abertzale zen familiko lagun hark ahobien eritasuna neukala asmatu zuen ,”alveolite” izeneko gaitza,eta bi eman ordez beste hiru aste eman zizkidan..Orotara hilabete t’erdi baino gehiago etxean.

Ni ,orduko, neska lagun batekin ateratzen nintzen,baztandarra,eta

Michel Sardou kantaria Donibanera etorri zenean bi sarrera eskuratu nituen,bat nere andregaiarentzat,bestea neretzat eta bikote maitemindu baten gisan, goiko azken lerroetan jarri ginen gozoki. Jaialdia, Jai Alai frontoian izan zen eta lehen ordua biziki ongi pasatu genuen,biak goxoki ,nere izena mikrotik aditu arte. Han,jende guzien artean,mikrotik deitzen ninduten,kanpora atera behar nuela eta. Berehala militarren afera zela susmoan hartu nuen eta ikaraz beterik kontzertutik lekutu eta Jai alaieko tabernara hurbildu.Han nere aitaren etxera telefonaz deitu behar nuela luzatu zidaten.Gendarmak etxera etorri baitziren ea errepikatzen zitzaidaten eritasunak egizkoak zirenez eta aitak ni ez nintzela jadanik hor bizi erantzun zienean gendarmeriatik pasatzeko agindua utzi zioten eta niri mezua emateko ordena .Eta aitak ez zuen hoberenik aurkitu kontzertu hartan nengoelarik deitzea.

Biharamuneko goiz hartan uniformez beterik zegoen etxe arrotz bildurgarrian sartu nintzenean dardarez nengoela nabari zen nere ikarak eta zainberak begien bistan

baitzagerizen.Bulego berezi batera eraman ninduten eta modu txarrez konbokazione bat eskura eman zidaten :Biharamunean,Baionako militar ospitaleko dentistaren aintzineko errebisione bat pasa behar nuela,zioen paper hark ,ea nere “alveolite” hori egiazkoa zenez,zioten serioski gendarma haiek..Ai ama ! Eta orain zer egin?.Nola huntatik atera?Biharamuneko goizeko hamarretan nuen hitzordua eta Château Neuf kuartelera bildurrez eraginda iritsi nintzen.Han sartu,itxoingelan igurikatu eta atea zabaldu zenean zerua ireki zitzaidan.Piedagnel!!Bertako dentista aspaldiko eskolako lagun ohia agertu zitzaidan.Piedagnel zeukan izena eta bera ere ni bezala soldaduska egiten ari zen dentista lanetan,Baionako ospitale militarrean .Donibane Lohizuneko nere betiko ezagunak agurtu ninduen eta adirerazi kontrola bat pasatu behar nuela.Nere ixtorio guztia kondatu nion eta lasai egoteko luzatu zidanean hatsa sakonki hartu nuen.Beste bi aste opor eman zizkidan,eta irrien artean handik lekutu nintzen nere zori ona ezinbestekoa zela pentsatuz.

 

Bi hilabete oso osorik etxean pasa ondotik hamazazpi egun soldaduska gelditzen zitzaizkidan eta sartu orduko zazpi egun baimen eskatu nituen,oraino legez hartzekoak nituenak. Asteburuekin batean hamabi egun gehiago hartzera lortu nuen eta berriro etxerat,Euskal Herrira,Donibanera,Baztanera,Lekeitiora edo Donostira,nere ongi pasatzeko toki guztietara..Eta hori muga gainditzeko baimenik ez nuela,soldaduskaren bitartean debekatuta baitzegoen Frantziatik ateratzea.Popatik hartzera!

Kuartelera itzuli nintzenean hura ez zidaten barkatu.Lehen-lehenik “Appel des Cent “,orduko mugimenduan parte hartu nuelako eta hura aitzakitzat hartu zuten ni zigortzeko. Urte hartan soldaduska egiten zutenen artean mugimendu berri bat hedatu zen,barneko baldintzak hobetzeko asmotan Aix herrian armadaren aurkako iraultza gazte bat sortu zen,greba,manifa eta guzi.Koartel guzietara hedatu zen eta ezker muturreko jende militantea ,Frantzian zehar, informazionea pasarazteaz arduratzen zen.Mugimendua gero eta handiagotzen ari zen,eta nik ,ez dakit zorionez edo txarrez,Foucher bigotedun hura arras laguna nuen.Mutil hura paristarra zen eta ezker LCR eko Rouge aldizkariaren erredaktorea.Hastapenetik adiskidetu ginen,gure nortasunek hortarat ereman gintuztelako dudarik gabe bainan ere gure militarren aurkako jokaeran bat egiten ginuelako,bera ezkertiar amorratua eta ni abertzale sutsua izategatik.Foucher hura,Appel des Cent horren bultzatzailea izan zen eta Rouge aldizkarian idaztegatik arras ezaguna militar zanpatzaileen lerrotan. Nik kapitainaren txoriak zaintzen nituen bitartean ematen zizkidan paperak sailkatzen,gordetzen eta banatzen nituen,bien artean sinadurak soldaduen artean biltzen.Eskatzen genuen bakarra baldintza hobegoak ukaitea zen, soldata bat eukiteza eta bidaiak orokorki dohainik ukaitea.

Foucherrek hirurogei egun kartzela jaso zituen ,ni oporretan nengoen bitartean Rouge aldizkaria banatzen harrapatu zutelako.Nere aurka frogarik ez zuten eta ezin zuten ezer egin,bainan zozo bat bezala neronek errestasun guziak eman nizkien eta hamar egunetako kartzelara ereman ninduten koartela abandonatzeko azken egun madarikatu hartan.

Soldaduskatik ateratzeko egun bat baizik ez zitzaigula gelditzen eta,atsean, festa bat egitera murgildu ginen eta “La Quille” deitzen den hori Armagnac alkoholean egindako haranekin ospatzea erabaki genuen.Arratsean beraz,gure egoitzan zegoen ostatu berezi hartara abiatu ginen eta gura azken-azken eguna ospa genezan halako haran likor gozoetan ito ginen:Bat,beste bat,beste hirugarren bat,eta hola neurria galdu arte…..Aski beroturik ginauden eta ez dakit nori bururatu zitzaion,Lenel adxudanta gaixtoak bere bulegoko mahai gaineko kristalaren azpian ,oroitzapenezko argazki guziak bazituela eta lapurtu behar genizkiola.Eta hala egin genuen .Aljeria eta Indoxinako gerla argazkiak bazituen,bera ,espantu bat egina,zaldi baten gainean batean,bestea moru presoz inguratuta eta beste halako hainbeste.Tabernara itzuli ginenean denak erre genituen,”Lenel est mort” kantatuz eta oihukatuz ,denak gu bezalakoak ez zirela ez kontatuz.

Biharamunean,ateratzeko eguna genuen,73/10 klaseko guztiak kanpora bagindoazin,ezin urusago.Egoitza militarretik ateratzeko izenpetze desberdinak behar ziren,han zeuden zerbitzu guzien agintarienak,orotara hamairu. Sinadura horietatik jadanik zazpi banituelarik eta militar jantziak itulita nituelarik,nere bila etorri ziren eta kaki kolorezko galtza batzuk berriro emanez kapitainaren bulegora ereman ninduten.Han isil-isilik egon nintzen,mututurik haien oihuak,irainak eta zigorrak aditzen.Gogorki galdekatu ninduten.Han jakin nuen bezperan argazkiak erretzeagatik norbaitek salatu gintuela.Nere aurrean zegoen Lenel adxudanta ez zegoen batere hilik eta lapurren artean nengoela aitortu nuenean,hatsik gabe utzi ninduen izigarrizko kolpea tripan eman zidalako.Hutsik zegoen nere gelako armairuan,”Appel des Cents “eko paperen arrastoak atxeman zituzten.Hamar egun kartzelara kondenatu ninduten,beste guziak egun hortan ateratzen ziren bitartean.Ziega ilun batetan sartu eta benetan izorratu ninduten.Hor ezagutu nuen kartzelako giro zapaltzailea. Foucher nere ondoko ziegan zegoen eta beharrik atearen burdinen artean elkarrekin hitz egiten genuela.Berak hilabete t’erdirako zigorra betetzekoa zeukan oraino.Zortzi egunen buruan,ostirala salbagarri hartan libratu ninduten eta koartelatik atera.

La Hojarasca eleberriaren haize hotza ez zen ezer ordoki hartan zegoenaren ondoan,hotz gordina bainan kanpokoa eta horrek neretzat balio zuen bakarra zen.Agur Sourdun eta betiko agur denei,agur musika tresnei,txoriei,militar aluei,aginteei eta legeei ,

agur arropa kaki zikinei,eremu arrotzei,Lemoine,Lenel,Victoire eta besteei,agur denei Frantziari agur,agur betiko.Ez dut sekulan ahantziko. Xubiltz