39 Bertsoak Lisboan

Bertsoak Lisboan

Orain urte batzuk eta udazkeneko oporrak kari bidaia artistiko bat egitea erabaki nuen, astebete herrialde desberdin batetan iraganez. Iazko urrian Andaluziara abiatu nintzen, bereziki Almeriara. Hondarribian hegazkina hartu nuen nere lan tresna garrantzitsuak ahantzi gabe, argazki tresna, arkatza eta orriak eta begietan noizean behin dudan lainoa lekutu, kristal berina batean lurrun-hatsa lurrintzen den bezala. Argiak, itzalak, bolumenak, formak… dira gehien bilatzen ditudanak bainan baita bertako tipismoak, ohiturak, eszenak, pertsonaia bitxiak eta itsasoa ere; itsasoa eta itsasoa, alde guztietakoa, kostakoa, uhainetan hausten dena, lurrartzean datzana, kolore desberdinez dageriena, bizia, barea, basa, jabalaldi isila, kaioen bazkaleku zaratatsua, arrantzaleen lantokia, turisten egonlekua, bustizalea, igeriarazlea…. hitz batez, itsasoa.

Iaz, itsasoa baino gehiago, basamortuek helatu ninduten, idorkeriaz dedazen eremu lehorrak, Almerian dagoen Tabernaseko basamortua bere kaktusekin, itzal eta kontrargiekin, azken finean Euskal Herrian aurki ez daitekeen guztia, Bardenetan izan ezik. Han herriz herri ibili nintzen alokatu nuen autoa erabiliz, ahal bezain zuhurki gidatuz, errepidea eta inguruak batean begiratzea ez baita erreza, edozoin mementutan gerta daitekeen istriputik ihes eginez.

Bidaia guztietan gertaera bitxiak gertatzen dira, hala nola norbait ezaguna aurkitzea munduko beste puntako alderdi batean edo egoera xelebreetan aurkitzea edo lagun berriak egitea.

Aurten Portugalera hegaldatu behar nuela bururatu zitzaidan eta Bilbotik hegazkina harturik Lisboara ordu t’erdi geroago iritsi nintzen. Lehenbiziko egunean Lisboaren inguruan aurkitu nuen trafikoa, hain sendoa bezain eroa izan zenez, izialdura sartu zitzaidan eta hegoaldeko autopista harturik hiriburutik lekutu nintzen menturazko norabide bat harturik. Estoril izena ezaguna egiten zitzaidan, Portugalen lasterkatzen den Bat Formulako sari handia hantxe egiten dutelako eta behin, haurra nintzenean, James Bond filma batean bertako kasinoa zagerielako, jokaleku hari arrakasta handia emanik. Cascais, aldiz, kostaldean egonik, leku aproposa iduritu zitzaidan eta arrazoinez, portu polit bezain tipikoa delako, sukaldaritza bertako hoberenetariko bat delako, eta nekaturik egonda pausaleku hauta eta atxeman nuelako.

Handik itsas bazterreko Nazaré herrira abiatu nintzen, berrehun bat kilometro haraino iristeko eginez. Antzekoa, itsasoa, kosta xarmangarria, sukaldaritza goxoa, toki tipikoa, argazkiak ateratzeko leku ezin hobea. Biharamunean Lisboara joan behar nintzela gogartu nuen eta herri eta bide txikietatik iraganez, trafiko dentso hartatik ihes egin nuen. Lisboako ateetan ez zen gauza bera izan eta ilara izugarriak aurkitu nituen. Hain gaizki indikatua dago, benetan zaila izan zitzaidala erdigunean sartzeko, lau edo bost aldiz galdu bainintzen. Ezker aldeko aterabidea harturik merkataritza gune batean sartu nintzen eta eskuineko kale batean sarturik auzo nahiko pobre batean nere burua aurkitu nuen. Itzuliak eta mitzuliak, jira eta birak, izerdi eta beldurrak, eta nere inguruan zebiltzan guziak lehia neurgaitz batetan murgilduta zeuden. Ni bitartean galduta, ordu bateko ber itzuliak emanik, gora behera, noiz tunel batean, noiz laubideko errepidean, ezin ezkerrera hartu eskuinean nengoelako, ezin eskuinean sartu berandu ohartu nintzelako.

Halako batean, eskuineko bide bat hartu nuen eta plaza batetik aintzinako bidetik jarraitu, desesperaturik, taxi bat atxeman arte. Hirigunera bazihoala eta segi niezaion esan zidan. Salbazioa! San Sebastian plazaraino ereman ninduen, keinuz erdigunean nengoela adierazi. Parez pare nuen tunela hartu nuen berriz ere galtzeko. Eskuineko kale batzutan sartu nintzen eta han galdetu, ezker, eskuin, berriz galdegin… Non nengoen ez nekien, karrika baten izena eman zidaten eta ustekabean aurkitu nuen, Salitre izeneko kalea, eta menturaz bide hura hartu nuen. Jadanik ordu t’erdi neraman Lisboaren inguruan kurri. Bide hartatik gorantz nindoalarik, berebila uzteko leku bat ikusi nuen eta bi aldiz pentsatu gabe han berean utzi nuen, gehiago ez mugitzeko xedea tinkoki harturik.

Zorionez ondo-ondoan metroko aho bat bazegoen, Rato izenekoa, hotela ere aldamenean atxeman nuen eta bazkaltzeko tokia bertan aurkitu ere.

Sartu nintzen ostatu hura biziki txikia zen, xumea, herrikoia, merkea eta iduriz sukalde ona egiten ohi duten horietakoa. Han berean lezeratu nintzen eta bazkaria eskatu. Tipikoa, bakailua! Arratsaldean hirian zehar ibili nintzen, argazki tresna eskutan, turista arrunt batek ohi dagien bezala.

Arratsaldeko zazpiak aldera ziren nekeak etxeratu ninduenean. Une luze bat ohearen gainean egon nintzen portugaldar telebista kateak aztertzen, batetik bestera hizkuntza hain arrotza izan ez zedin, irudi berri batzuek erakartzen dizuten jakin-gosez beterik.

Lehengo ostatu bererat joatea erabaki nuen, etxetik hurbil zegoen hartara zerbait jatera eta garagardo frexko bat edatera. Salmahaiaren aurrean alkitxo garai baten gainean eseri nintzen eta ondokoek edaten zuten Algres garagardo bat eskatu nuen.Telebistan Lisboako Sporting taldea Fatimakoaren aurka futbolean jokatzen ari zen eta han ziren solas bakarrak futbolari buruzkoak ziren. Ogitartekotxo bat jan nuen eta ondoan nituen hiru gizonak zerbait edatera konbidatu nituen. Hirukote biziki bitxia zirudien, batto, berrogoi urtekoa edo, animaleko berin potoleko betaurrekoak zeramazkiena, erdi itsua, bigarrena adin bereko gizon burusoila, gisakoena iduri zuena, hirugarrena beltza, Angolatik etorritako horietakoa, Portugalek kolonizatu zuen herrialde horretakoa. Agian hantxe halako ohiturarik ez dagoelako, bihotzetik eskertu zidaten ene jestua eta basoa ezin lasterrago husturik beste baso bana atera zuten nik handik ihes egiteko keinua egin banu bezala. Beste bat eta beste bana edan genuen, denek bere itzulia ordaindu arte.

Arratseko bederatziak inguru ziren eta ea haiekin joateko gogoa neukan galdegin zidaten, bertako leku apropos batera abiatzen omen zirelako. Zergaitik ez? Haien urratsak segituz Ratoko plazaren ondoan zegoen elkarte batean sartu ginen. Hura jendez beterik zegoen, batzuk tabernan garagardoka, besteak kartetan, beste batzuk han urrunago telebistako partida ikusten. Guk edari bat eskatu genuen eta han zeuden jendeak aurkeztu zizkidaten. Nerekin etorritako bati kitarra ekar zezan eskatu zioten, eta bi aldiz errepikatu gabe, han hurbilean zeukan musika tresna zahar hura ekarri zuen eta kantuz hasi. Lisboako kantu zahar horiek denek bazekizkiten eta pozik kantatzen hasi ziren. Lau edo bost fadoren ondotik kitarra eskuratu eta zonbait euskal kantu bota nien, Txoria txori, Zenbat gera? eta Baratze bat.

Erdi itsua zen gitarrista hark eskutik tresna kendu eta berriz jotzen hasi zen. Inguruan zituen bi gizonak kantatzen hasi zirenean laster errimak egiten zituztela ohartu nintzen eta aldamenekoari ea inprobisatzen ari ziren galdetu nion. Eta baietz! Eta ni liluraturik bertsolarien artean nengoelako. Ni hala nintzela ere esan nien, nere herrian bertsoak deitzen zirela eta arras hedaturik zeudela adierazi nien. Berriro hasi ziren. Bat-bateko bertso luzeetan ari ziren, segidilla deitzen den antzeko hartan, batzuk osoki hanka luzeak edo hanka gabekoak bainan noizean behin errimatzen zutenak. Erabiltzen zuten doinua laster ikasi nuen eta euskaraz erantzuten saiatu nintzen. Haiek portugesez eta nik euskaraz. Bosgarren garagardoak haien hizkuntzaz ausartzen lagundu zidan eta errimaren lekua hain librea izanez, hizkuntza joko horietan ere aritu nintzen. Euskal Herrian bezala, garbiki hortxe ageri zen bertsoa tabernako hitz jokoa baizik ez dela. Rica, pica, chica, benfica hitzekin zerbait osatu nuenean ongi ulertu zutela ohartu nintzen eta esan nuen zozokeria arras gustokoa ukan zutela; pentsa, edaten ari ginen garagardoa rica zela, lehenik, hau da, goxoa, baina afaldu nuen ogitartekoak pikatzen zuela, pica, zerbitzatu gintuen neska polita zela, chica, eta egun hartan Fatimak futbolean irabaziz txapelketa Benficak irabazten ahal zuela, Benfica. Denak irriz ginauden. Azaroaren hameka zen, larunbata, eta jende gehiena kanpoan zegoen, gizonak, hantxe neskarik ez baitzegoen.

Zenbat denbora egon ginen ez dakit, zenbat kantu eta bertso bota genuen ez dakit ere, zenbat garagardo edan ere ez, bainan lagunak egin nituela banekien, hain lagunak handik beste toki batera ereman nindutela, kantariak, idazleak eta kolore guzietako jendea zegoen ostatu batera. Hantxe idazle gazte bat bere liburua izenpetzen ari zen, berriki atera zuen liburua eta hurbildu nintzaionean nik ere aro hartan liburu bat euskaraz atera nuela esan nion, berriz ere patuak nik bizi izan nituen gauza berdinetara hurbiltzen baininduen. Harrigarria!

Bakoitza bereekin elkartzen omen dela diote. Hala den ez dakit bainan nerea txantxetakoa ez zen izan: berebila han utzi hainbeste itzuliz asperturik nengoelako, autoa hantxe garatu, libre zegoen lehen lekua aurkitu nuelako, taberna horretara abiatu, itzuli bat egiterakoan, etxetik hurbil zegoelako, ondoko horiekin solasetan sartu elekaria naizelako, haiek ni elkarte batera ereman lagun berria aurkitu zutelako, haien artean ni bezalako gitarrista bat izan, agian kasualitatea izan zitekeelako baina bertsolariak aurkitzea…zalantzarik gabe, patua ukaezina delako.

E.mailak eta zuzenbideak gurutzatu genituen, gainera, haien arteko bat dantza eta kantu talde bateko arduraduna zela luzatu zidan, Euskal Herrian ni naizen bezala hau ere.

Ederrena ondorioak ukaitea izango litzateke, ene topaketa horrek ea Begiraleak taldea Lisboara erematen duen. Dena anitzinetik idatzita zegoela uste dut, hainbeste kasualitate sinesgaitza baita.