01 Onddoak ta untxiak

Onddoak eta untxiak

Jon eta biok txikitandik txakurra eta katua bezala ibili gara, bizi guztia bat bestearen gibeletik, nere poza handiena beti bera nardatzea izan delako.

Ama eskola eta lehen maila Donibane Lohizuneko St Joxepe eskolan elkarrekin jada iragan genuen, Berra andere errientsa tarteko. Sei edo zazpi urte genituelarik eta eskolako besta kari andereñoak antzerki motako emanaldi bat muntatu zuen eta oraino eskutartean har ditzazkedan argazkiek erakusten didate alde batetik untxi xuri batzuk bazirela, belarri luzeko txano eta guzi, eta bestetik xuri eta gorriz jantzitako perretxikoak, amanita batzuen antzera, paisola irekita eskutan zeukatela.

Berrogeita hamar urteko lagunak Santa Mariako ohiko ikasleen biltzarrean bildu ginelarik, argazkia denen artera ekarri nuen, han agertzen garen guziak San Joxepe ama eskolatik, hamar urteetan, Santa Mariara iragan baiginen. Urteroko bazkari horretan oroitzapenak gora eta behera beti badihoaz, bakoitxak berea kondatu nahiez, eta aurten, gure arteko solasei, argazki hori nerekin eremateak zerbait berezia erakarri zien. Argazkia eskuz- esku pasatzen zen, denok bere orduko itxura ikusi nahiez, orain berrogoita bost urte ginen haur ttikien oroitzapena gogoratu nahirik. Itzulia eman ondotik, argazkia berriz ere bere eskutara iritsi zitzaionean, nere ondoan zegoen Jon Irala, aspaldiko laguna, egun hartan gertatu zena kontatzen hasi zitzaigun. Nahiz eta animaleko mutiko azkar-azkarra izan, ---iralatar guziak sei kilorekin sortu baitira, seiak--- txikitandik denok Jon nardatzea gustukoa genuen eta egia aitortzeko ni horretan trebea nintzen, agian besteak baino gehiago, familiko adiskidea izateagatik.

Norbaitek zirika bat egiten zionean, nitaz beti gauza bera esaten zuen: ”Il ne faut pas demander qui c’est”- kilimiska egin zion hura ni nintzela errepikatuz: ”Nor izan den ez da galdetu behar”- betiko lelo horren ondotik, neregana hurbildu eta bere begirada zorrotza bihurtu nahiez, bere ehun kiloko gorputza gotorra baliatu nahiez ni izitzeko, alimaleko kaska ematen zidan, besoan, sorbaldan, bizkarrean, buruan, nunahi, eta bere indar handiez nere burua bere besape azkarren azpian gogorki tinkatzeko ohitura hartu zuen. Harrapatzen ninduelarik bederen, halakoetan ezin arinagoa bihurtzen bainintzen eta xagu baten pare, gehienetan beregandik ihes egitea lortzen bainuen. Harrapatzen ninduelarik, nahiz eta bere beso azkarrek min handiak egin, irriz lehertzen nintzaion, eta horrek gehiago tinkatzera eramaten zuen, ene irrifarrek nardatzen baitzuten. Nik, aintzinetik jasoko nituenak jakin arren, Jon nardatzea gozagarri nuen eta mina jasatea berdin egiten zitzaidan.

Argazkiak, gure talde hura ama eskolako besta batean egin genuen antzerkia zerakusan beraz, eta binaka ezarri gintuztela ere erakusten zuen, onddo bakoitxari bere untxia egokituz eta esan gabe doa Jon onddoa zela eta ni bere azpian zegoen lapina. Beste errolarik ez genuen egiten ahal, bakoitxak bere gorputzaren araberakoa, potolkeria beti arintasunari lotua baitzaio. Gure jantziak ikustekoak ziren. Amanitek aterki babesgarri bat zuten eskutan eta gidar fin horren puntan oihalezko paisola itsusia buru gainean, Frantziako tourreko mendi saria irabazten duen kolore horietakoa. Gu, hango untxi bihurriak, txuriz jantzirik ginauden, pieza bateko arropa arrunta batekin, oihal gogorrezko bi belarriak tente eta buztan luze bat zintzilik, perretxiko haren pean laupattakan. Gure dantza nola zen ez naiz batere oroitzen eta dakidan bakarra hastapenean onddoaren azpian jarririk ginaudela, bat-batean altxatu behar genuela haien inguruan dantzan aritzeko.

Jonek gogoa aski garbirik zeukan eta afari horretan entsaio guztien zehaztasunak kontatu zizkigun, dena buruan zizelkaturik izan balu bezala. Irrien artean egun berezia iritsi zitzaigula esan zuen eta denak Donibane Lohizuneko Jai-Alaira ibilaldi apailatu batean abiatu ginen, onddoak, lapin-untxiak, andereñoak eta gimnastikan aritu behar ziren eskolako beste ikasle guziak, San Joxepekoak eta Santa Mariakoak, denok gure emankizuna buraso guziei erakuts geniezaien. Txikienetarik izateagatik emanaldiaren hasteapenean aritu behar genuen eta jendez beteriko pilotaleku handi hartan musika hasi zen. Gu, jadanik, ilunpetan, gure lekuetan ezarri gintuzten, kantxa hotz haren erdian, argia pizteko unea ezin urduriago itxoiten, paisola irekirik zuten onddoen zangopean jarririk.

Eta orain Jon bere ixtorioa jarraitzen ari: Eta han, argia pizten denean, hau, betikoa, zangopetik altxatzen zaidala eta nere oina nahiez gogorki zapaltzen didala, izugarrizkoa mina eginez. Zer egin? Ba ezin isilik egon eta erantzun, noski, eta nere aterkiaren makilarekin jotzera nindoalarik, hara lasterka ihes egiten didala, dantza haren lerrokatze ederra urraturik, burasoz beterik zegoen Jai alai hura batean irriz hasirik. Eta ni atzetik, untxiaren gibeletik nere gidarrarekin buruan jo nahi. Hori bai izan zela emaldi ederra!

Beste haur txiki guziak harriturik zeuden, guri begira, koregrafia ez zela batere halakoa pentsatuz, haien dantza ezin segituz, burasoen irrifar ozenen artean, programaturik zegoen dantza baino bikote xelebre horren pausoak jarraitzen eta untxia buruan kaskak jasotzen eta onddoa guardasola bi eskutan helduta zanpaka aritzen. Ezin hasarreago zegoen Berra izeneko errientsak oihu bat bota zigun eta lerroetara berriro itzul gintezen manatu zigun, nik oina nahiez ez niola zapaldu errepikatu arren. Jonek aldiz, keinuka, oina intentzio guziz zapaldu niola adierazten zuen, eta aita-amak oraino irriz lehertzen, bizitza osoan izanen genuen bien arteko harremana behar bezalako ildotik marrazten.
Hau, beti horrelakoa izan da! --segitzen zuen Jonek, beste afal lagunen artean, eta berrogoita hamar urte horietan segitu gintuzten ohiko eskolako kide guziek, irrifarrez, Jonek esandakoa egia zela baitzekitelako.