03 Gora Oteiza

2 Gora Oteiza!

Jainkoaren bakardadea kreazioaren ama izan da;

haren aldeko amodioa, gizakiaren asmakuntza.

Kristok ematen dio Jainkoari gizakien aldeko maitasuna

eta izendatzen aita, izkutatzen den aita. Beste inork ez!

Zergaitik gordetzen ote da? Zergaitik izkutatzen?

Eta ni bere bila nabil, batean ziklistez jantzita hedoietan,

besteetan itsasoetan, hibaietan eta mendietan otoizka.

Zakarruntzi honetan erditurik utzi nauzu

eta ni zure txerka, gorantz, izokin baten pare,

inorantz, ikerle baten pare.

Harakin baten antzera bildotsak hil ditut, zure bila,

hizkuntzalari baten erara, mintzairak ikasi ditut eta zu isila,

bainan Darwin Jainkoaren atzetik dabil,

zuhaitz batean lezeturik Adanen bila, habil,

aingeru bat lotan, lekuko, hasarre, erdi hil.

Jainkoak mundua sortu al zuen bakar-bakarrik egoteko ?

Hala liteke? Ni ere bakarrik zuhaitz horretan nago bizitzeko.

Besadar hura makurturik, eraso egin zidan,

ea nor nintzen eta zer nekien esan nezan.

Eta bera nor zen? Berak ere ez zekiela nor zan

eta izkutu guztien artean nortasunaren bila,

eta neregana, bere esku moldatzaile zikinekin,

lohiz beterik isilik, moldatu gintuenaren lotsez eta ahalkez,

eta eskuak garbitzera,

gizaki eseriak ikustera,

gorotza isurtzen duten gizon eseriengana,

berak bing-bang intestinal hartaz isuri gintuzten antzera,

Wang chu, Nietshe, Blake, Apollinaire eta guztiak oihuka.

Hauxe da nere helburua, nere patua, espazio honetan,

eta Jainkoa, munduaren sortzeaz garaituta.

Jainkorik oraindik ba al da ?

galdetzen dut, galtzak berriro lotzen eta brageta goratzen.

Bainan eternitatean denborarik ez dago

bainan zergaitik mundua sortu?

Ez uler, ez jakin, ez onar.

Denbora eskutik erori arte

eternitatearen aurka asmatu duen denbora, eta horretan

bakar- bakarrik dagoela ikasten eta ikusten .

Eta hor dago kreatzaile soila, soilik, izadia laguntzat hartzen duena

eta bere antzekoa asmatzen duena.

Emearena, Eba, borobildua, lohizko eskuak titietan jira-bira,

hezea, hezeak, ni berdin nere zuhaitz barnean sartuta, bustia.

Eta ama berria, Adan semea isurita, senarra utzita.

Aurrekondaira maitean hori bazekiten eta ozenki zesaten .

Mari bihurtuko zen Ebak lohizko Adan erditu zuenean,

Atarrabi ona ukan zuen ---bixkiak--- eta Mikelats gaixtoa.

Eta ni, inork jakin gabe nere zuhaitz barnetik, kuka-mikuka.

Zeru arreme izorratuta, euriz lankartuta, haziz sortuta eta isurita.

Jainkoak denbora sortu al zuen eternitatea izorratzeko ?

Gizona egin zuenean laster oker zebilela ohartu zen eta emaztea egin,

Cezannek inpresionistekin egin zuen bezala, onartu eta ukatu

eta denak boteila batean sartu

eta itsasora murgildu

bainan lehenago Jainkoak eme botoila hortatik edan eta mozkortu,

denboraz horditu.

Eternitatea galtzeak ez zuen denbora galtzea

Lascaux-en arrastoa utzirik, hartzak atzaparrez paretak margoturik

Jainkoarengan bi jainko badirelako,

bat betikoa bestea hilaunekoa,

eta gizaberea bien mugan,

bi jainkoen arteko muga bildurgarrian.

Beste batzuek diote Jainkoa hil dela,

horiek dira bere izkutuan, bere gordelekuan ikusi ez dutenak,

bainan nik ere ez dut ikusi,

ez dut ikasi,

nahiz eta ibili, ziklistaz, Moskun, Brooklinnen,

txorien artean, itzalen artean, surfari, hedoietan.

Leihoen atzetik, berinaren kontra, eternitatea galdurik, ametsa sorturik,

haur bat ikusten dut eta agureme bat ere, fraile bat ere hor dago,

mendebale iparrean,

eta denak jainko, nere baitan, Jainkoa gure baitan gordetzen delako,

eta ni bakarrik, hetsiturik, zuhaitzez mozorroturik, jainkoz jantzirik.

Eta bera bozik gabe dago, geldirik, denetatik aparte,

ugarte urrun batean eroria,

eta ni hurbiltzen ari, zerua itzali den gau berri batean,

eta berriz bera, gizakiez urruntzen, gizakiak ukatzen, denen lekuko izan delako,

isilik, konplize galanta, lekuko paregabea,

Aita Sainduak Nafarroa Isabel eta Fernandori oparitu zienean, adibidez.

Orain Jainkoa iheska hasi da, aingerua ere bai, ni berdin

eta horretan nere eskua, nere bihotza eta nere izena galdu ditut airean,

galdurik eguzkiraino, han, hodeien gaineraino eta eguzkia eskutan,

ezin aurkituriko Jainkoa badabil,

Vatikanoko pinguino tropa bat azpitik gorantz begiratzen duen bitartean,

hura ezin atxemanez,

denak paperak eskutan, trufa paperak atzaparretan helduak,

Jainkoaren izatea frogatzen omen dutenak.

Zer balio dute papera horiek? Ezer ez! Deusik ez! Tutik ez!

Eta nik leihotik boteila bat botatzen dut, Jainkoa preso daraman boteila,

bogatzailea, hutsa, bakarra, izkutatuta.

Ez dadila hautsi! Ez dezatela hautsi!

Almirante supremoa ez daitekeelako inoiz ito.

Eta bitartean arra eta zizarea lurreko harriaren azpian,

bizira datorren zizare librea,

harri azpitik aterata,

nere esku harri-jasotzaileari esker aterazita.

Eta ni harri-moldatzailea….estulka,

Jainkoa bezala, belauneko minez, eri, gaixorik.

Bainan zenbat aldiz hil beharko dut ? Ni hemengoa ez bainaiz.

Zikina, lohiz beterik, putakumea hor datza,

hedoi libreen azpitik, lurrean geldirik, gizona.

Eta jainkoa ispiluaren aurrean begira, besaulki batean jarria,

ileapaindegiko aulki batean eserita,

beti ere eskutik denbora erortzen zaiona, eta eskua hutsik, bainan ez bakarrik,

bi Jainko baitira, bat ispiluan dirdirez bestea harriturik begira eta anartean gu,

lurrean belauniko, ispilu gaberik.

Zenbat aldiz hil beharko dut? Ni hemengoa ez bainaiz.

Hangoa? Ipar mendebalekoa? Bihotzekoa ? Jainkoa bezalakoa ? Dakotakoa ?

Siux indioak totena adoratzen ari diren bitartean, zuek Dakota Berrikoak,

putakumeak, Ekain, Altamira eta Lascaux ukatu dituzuenak,

Isturitze, Altxerri ezagutzen ez dituzuenak.

Aluak! Zozoak! Zero hutsak! Injuria-enekoak!

Gernikako homo sapiens hijoputak, 

har itzazue igotzeko zurubiak, sekulan ez jeistekoak .

Herriak ez du halakorik merexi, ez zaituzte beharrik !

Iza! IZ han! Eta pentsa nik ez nuela Oteiza irakurri,

erderaz zelako eta hura gabe idatzi.

Iz han!, B-iz-i! Eta pentsa « Quosque tandem »

hamar aldiz irakurtzen hasi orduko,

berehala baztertzen nuela ulergaitza egiten zitzaidalako,

lehen kapitulua saltatu arte, gora jauzia!

eta bigarrenearekin hasi eta dena sentitzen hasi

eta sentipen horretan atzeraka jo eta dena ulertu,

orduan, sendipenetik sendipenera jauzi eginez.

Lorik ezin nago, nere ametsetan Cezanne eta Juan Gris dakuskit

eta idatzi nahi nieke, zer ikusi dudan esan diezaiedan,

haurrek, gogoz, memoria hutsez dagiten bezala.

Banoa, hegaldakan.

Nahiko nuke arratsalde batez behintzat zu esistitzea,

Jainkoa, arratsalde batez bederen bizitzea,

txantxetakoa ez baita.

Gora Oteiza !

Eror daitezela Txillida, Joseba Arregi, zozoak, Diario Vasco eta El Pais!

gaixtoak baino, bera ulertzeko gai izan ez direnak,

bainan poderetsuak, haien podere gorotzez beteak.

Herriak ez die deus zor, haiek herriari aldiz bai.

Ez diegu barkatu nahi. Bainan artistak ez dira.

Gora euskal abstrakzio librea!!!!!